Nadeth Agirre: "Aste honetan Orioko bandera etxera ekartzeko egingo dugu lan"

Onintza Lete Arrieta 2021ko uzt. 12a, 11:36

Atzo errezibimendua amaitu orduko erantzun zituen Nadeth Agirre Orio-Orialkiko patroiak kazetariaren galderak. Larunbatean bigarren eginda eta igandean irabazita, lider jarri dira sailkapen orokorrean, eta lanerako poza eman diela aitortu du.

Sentsazio onekin geldituko zineten asteburu honetan, ezta?
Bagenekien liga estua izango zela, baina bigarren asteburua da hau, eta hortxe gaude denok. Larunbatean aurrea hartu ziguten Donostia Arraunekoek, eta igandean guk beraiei, eta gainera garrantzitsua izan da, puntu berdinetan jarri garelako eta salto hori egin ahal izan dugulako. Kanpotik ikusteko polita da, baina barrutik sufritua izan da, eta nik uste dut aurtengoak beste zapore bat daukala, indarrak berdinduta daudelako.

Aurreko asteburuan ere, Galizian, sufrituta, baina buelta eman zenioten larunbateko emaitzari, eta igandean bandera lortu zenuten.
Bai, estropada bakoitzean joan beharko dugu gure onena ematera eta akatsik ez egitera. Izan ere, uste dut aurten akats bakoitza oso garesti ordainduko dugula; ikusi da hori. Azken estropadarekin behintzat oso gustura gaude, eta astean zehar ere beste poztasun bat emango digu aurrera jarraitzeko lanean.

Komunikabideetan behin baino gehiago entzun da aurten taldean arraunlari berriak dituzuela...
Bai, iaztik baja dezente izan ditugu, eta pare bat arraunlari gehitu zaizkigu, eta beheko taldeetatik datozenak ere sartu dira lehenengo taldean; horiek dira aurrerantzean Orioko trainerua aurrera eramango dutenak, eta horrekin ari gara lanean. Oso kontentu gaude alde horretatik.

Datorren larunbatean etxean lehiatuko zarete.
Bai, Orion izango dugu estropada, eta ea bi asteburu hauetako ratxa honi buelta ematen diogun. Ederra izango litzateke irabaztea; iaz ez genuen garaipena lortu, eta pena horrekin gelditu ginen. Etxekoa berezia da, eta ea zer baldintza dauden, orain trabeska jokatzen delako, eta berezia eta exijentea delako. Aste honetan horra begira entrenatuko dugu, ahalik ondoen egiteko eta ahalik akats gutxien eginda, bandera ekartzeko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!