Orio eremu gorrian sartu da azken orduetan detektatutako lau positiboen ondorioz

407,70ko intzidentzia tasak eremu gorrira eraman du Orio. Aian ez da kasu positibo berririk izan.

Eusko Jaurlaritzak argitaratutako txostenaren arabera, Orion lau positibo izan dira azken orduetan, eta horien ondorioz, eremu gorrian sartu da herria 407,70 tasarekin. Aian, aldiz, ez dute positiborik detektatu. 

Urola Kosta eskualdean, kasuei dagokionez Azkoitian izan da gorakadarik handiena. Atzo hogei positibo zenbatu zituzten herri horretan egindako probetan, eta intzidentzia tasa 160 puntutik gora igo da egun bakar batean –417, 26ko tasa zuten atzo; 584,16koa dute gaur–. Eremu gorrian jarraitzen du, Orio eta Azkoitiarekin batera, Zarautzek –hamalau kasu hauteman dituzte eta 462,49ra igo da tasa– eta Zumaiak. Eskualdeko herrietatik, Zumaian dute egoera okerrena: beste bederatzi kasu positibo detektatu dituzte, eta 1.048,13ko intzidentzia tasa dute.

Eremu laranjan sartu da, bestalde, Azpeitia; bederatzi positibo gehiago hautemanda, 302,23ra igo da intzidentzia tasa. Gainerako kasuak Getarian (2) eta Zestoan (5) zenbatu dituzte, eta 282,69 eta 282,49ko intzidentzia tasak dituzte, hurrenez hurren. Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen, berriz, ez dute kasu positiborik zenbatu. 

Positibotasun tasak gora

Atzo 15.209 PCR eta antigeno proba egin zituzten Hego Euskal Herrian, eta horietatik 1.825ek izan zuten emaitza positiboa. Lurraldez lurralde, Nafarroan zenbatu dute kasu kopuru altuena (608), eta gero, Bizkaian (511), Gipuzkoan (502) eta Araban (154). Osasun Sailak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan % 10,6koa da positibotasun tasa, eta Nafarroan % 16,2koa.

Ospitaleratzeen egoeraren berri ere eman dute. Izurritearen ondorioz ospitaleratu duten gaixoen kopuruak gora egin du azken egunetan, eta gaur-gaurkoz, 98 pertsona daude Osakidetzaren mendeko erietxeetan –duela astebete 50 ziren–. Atzo 31 pertsona ospitaleratu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. ZIUetan daudenak, berriz, 28 dira hiru lurralde horietan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!