Agintaldi erdia udal gobernuan

Anuska Esnal: "Gure helburua izan da gauzak egiteko modu berri bat ezartzea"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021ko uzt. 16a, 09:15

Duela bi urte hartu zuen herriko alkatetza Anuska Esnalek, eta "kudeaketa eredu berria" abiatu du Orioko Udalean, alderdien arteko elkarlana eta herritarren parte-hartzea ardatz dituena.

Nola definituko zenuke agintaldi erdi hau?
Exijentzia maila handiko agintaldia dela esango nuke. Alde batetik, udalean sartu ginenean abiadura eman nahi izan genion agintaldiari. Izan ere, plazako obra eta beste hainbat proiektu genituen esku artean, eta lau urtetarako lan ildo estrategikoak ere aurrez identifikatuta genituen. Horiekin berehalakotasunez jarri nahi izan genuen lanean, udalean gauden segundo bakoitzari etekina ateratzeko. Edozein eremutan, lidertza on batek aurretiko lan ona eskatzen du eta horretan saiatu gara hasieratik. Herriaren beharrak irakurri, diagnosi egokiak egin, herritarrekin partekatu, bildutako informazio eta proposamen desberdinak dagozkion batzordeetan landu, besteen iritzi eta ikuspuntuekin aberastu eta soluzioak aurkitu. Horrek abiadura handia eta lan asko eskatzen ditu. 

Hori gutxi balitz, herriko eguneroko beharrizanei mundu mailako pandemia bat gehitu behar zaie. Horrek ere beste abiadura bat eskatu digu, bi-aldekoa, gainera: Batetik, herritik sortutako ekimenak sortu eta kudeatzea eta bestetik, goratik datozen aginduak herrian txertatu eta betearaztea. 

Ondorioz, atzera begiratu eta hitz batean laburbildu beharko banuke abiadura handikoa jarriko nioke.

Egoera berezi horretan, zein izan da Udal Gobernuaren helburu nagusia?
Udal Gobernu honen helburu nagusia izan da gauzak egiteko modu berri bat ezartzea. Kudeaketa eredu jakin batetik gentozen, eta guk ez genuen bat egiten horrekin. Horregatik, kudeaketa modu berri bat abiatu nahi izan dugu eta horretan gabiltza bi urte hauetan. Izan ere, uste dugu Udala herria kudeatzeko organoa dela eta herri osoa ordezkatu behar duela. Udal gobernuan jakin badakigu herri osoarentzat egiten dugula lan. Herritarrek dituzten kezka eta beharrak asetu behar ditu udalak eta herritik sortzen diren ekimenak babestu.

Behetik gora egiten da herria eta horretan gabiltza egunerokoan. Horregatik, egiteko moduak egiten gaitu desberdin. Saiatzen gara herria entzuten, iritziak jasotzen, informazio guztia alderdi guztiekin dagokion batzordean lantzen, hauen proposamen eta hitza jasotzen eta adostasuna dagoenean eta denok asetzen gaituen formulak ditugunean onartzen. Ziurrenik gatazka gehien zeuden udala izatetik, aho-batasun gehien duen udala izatera pasa gara eta hori ez da kasualitatea. Izurrite garaian ere, kudeaketa eredu hori izan dugu ardatz.

Zer izan da zailena?
Herria behetik gora egiten dela aipatu dut lehen. Pandemiak ordea, beste modu batera lan egitera behartu gaitu. Goitik behera eta sarri herritarren nahien aurka doazen arauak betearaztea tokatu zaigu, kontraesanez beteak. Batzuetan, presaka eta irizpide garbirik gabe hartuta zeudela ziruditenak. Hori bereziki zaila egin zait.

Izurritean zehar, garrantzitsua izan al da alderdi politikoen, teknikarien eta eragileen arteko elkarlana, egoerari ahalik eta irtenbiderik egokiena emateko?
Pandemiak gure sistema jarri zuen ezbaian, baina oso momentu onean harrapatu gintuen. Lan egiteko modu bat ezarrita genuen dagoeneko eta ongizatea eta Ahalduntze Eskola zutabe zituzten aurrekontuak aho batez onartu genituen 2020rako. Horregatik, izurritea iristerako gizarte larrialdietarako laguntzak laukoiztuta genituen, eta laguntza horietako baldintzak jasotzen ez zituzten herritarrentzat beste zorro bat ere aurreikusita genuen. Ahalduntze Eskola ere martxan zegoen dagoeneko, indarkeria matxista kasuak detektatzeko beste bide bat bezala besteak beste. Hala, izurriteak gure egiteko modua eta egiten duguna egokia dela berretsi baino ez digu egin. Herriaren unerik gogorrenetan ere erabakiak gardentasunez eta aho batez hartu ditugu.

Agintaldi hasieran zehaztu zenituzten proiektuak garatzeko aukera izan al duzue?
Agintaldi hasieran zehaztu genituen proiektu guztiak martxan daude. Izurritearen hasieran, zenbait diru partida izoztu egin genituen, oreka finantzarioa betetzera behartuta geundelako. Izan ere, uste genuen diru iturrietan beherakada izango genuela eta garrantzitsua iruditu zitzaigun behar gehien zutenei lehentasuna ematea.

Ondoren, aurretik egindako lanari esker diru iturrien kaltea uste baino txikiagoa izan zenez, berriz ere abian jarri genituen proiektu guztiak eta denak doaz aurrera. Hala ere, hilabete horiek sukalde lan handiagoa egiteko aukera eman digute. Beti asmatu behar da etortzen diren aldrebeskeriei zukua ateratzen. 

Aurrekontuak aho batez onartu dira azken bi urtetan. Hori horrela izan dadin ahalegin
berezia egin al duzu?
Herritar bezala ezin nuen ulertu udal honetan zegoen zailtasuna aurrekontuak egiterako orduan. Erabat epez kanpo eta haustura askorekin egin izan dira beti, eta horrek kudeaketa aldetik hondamendia dakar, urte erdiz udala hilda geratzen delako. Horregatik, hasieratik izan dut argi aurrekontuak garaiz eta elkarlanean egitea lehentasuna izan behar zuela.

Lidertza egokiak aurretiko lan handia eskatzen du. Beste denak baino pausutxo bat aurrerago joatea, alegia: aurre irakurketa egokiak egiten jakitea eta informazio guzti hori beste alderdiekin elkarbanatzea, besteen iritziak, ekarpenak eta proposamenak umiltasun osoz jasotzeko eta horiek onartzeko eta gure egiteko prest egotea. Ahalegin izugarria eskatzen du baina udaleko giroan eta egunerokoan sortzen duen sinergia askoz ere eraginkorragoa da. 

Aurrera begira, ba al duzue esku artean proiektu estrategikorik?
Batzuetan iruditzen zait gure sukaldeak dituen su kopurua baino eltze gehiago ditugula sutan. Besteak beste, plazaren peatonalizazioa bukatzen ari gara, eta arrantzaleei, Arostegi tailerrari, plaza inguruko biztanleei eta herriari osotasunean soluzio integralagoa emango dion formula aurkitzen ari gara. 

Ildo horretan, XXI. mendeko kofradia amesten eta sortzen ari gara, eta herriari zentralitate berria emango dion Dike eremuari dagokion hauspoa ematen. Uste dugu herria zeharo aldatuko duen eta herri berri bat sortuko duen proiektua dela. Biziberritze plana ere badugu esku artean, errioa ardatz hartuta, herria zeharka eraldatuko duten egitasmo txikiz eta proiektu handiz beteta datorkiguna. 

Mutiozabalen inguruan ere proiektua jarriko dugu martxan, gure nortasuna haur eta nerabeei era naturalean helarazteko garrantzitsua izango dena. Mugikortasunaren inguruko lanketak ari gara egiten etengabe, herri irisgarriago eta jasangarriago bat egiteko asmoarekin. Eta, Udal Kanpina eraldatuko duten zerbitzu berriak txertatuko ditugu, urte guztirako kanpina izan dadin. Azken finean, herritarren egunerokoan eraldaketa handiak eragingo dituzten ekintza txikiak ditugu esku artean.

Gizarte zerbitzuen arloa indartzen jarraitu nahi al duzue?
Gizarte Zerbitzuen arloa hasieratik izan dugu lehentasun, eta horiek herritarrei ireki, aurrekontuak laukoiztu eta hainbat zerbitzu indartu ditugu. Ahalduntze Eskola ere jarri genuen martxan eta bigarren urtean indartu egin dugu. Hainbat ekintza, ekimen eta zerbitzu eskaintzen ditu eta indarkeri matxista kasuak identifikatzeko gizarte zerbitzuen ezinbesteko lokarri bihurtu da. Une honetan berdintasun diagnosia egiten ari gara, Orio herri feminista izateko helburuarekin, eta horrekin jarraituko dugu.

Ingurumenak ere badu garrantzia zuen proiektuan, ezta?
Bai, ingurumen arloan, Motondo eta Txurruka berreskuratzeko egitasmoak esku artean ditugu eta horiek kudeatzen gabiltza buru-belarri. Proiektu potoloak eta estrategikoak ditugu esku artean.

Agintaldia amaitutakoan zer nolako herria ikusi nahi zenuke?
Oriotar izateaz harro dauden herritarrak nahi nituzke. Pozik bizi diren bizilagunak, herriak bere egunerokoan positiboki eragiten dielako. Horretarako, bizi kalitatea eskaintzen duen herri bat nahi nuke, hitzaren zentzu guztietan, aske bizitzeko bide ematen duena. 

Izurriteak gure herria beste begi batzuekin ikustera eraman gaitu. Denetik duen herri bat dugu: Errioa, itsasoa, mendia, baita denda txiki bikainak ere, une latzenetan oinarrizko gauzez hornitu gaituztenak; gutaz kezkatu diren auzotarrak; kulturak mugitzen duen herria; gero eta irisgarriagoa den herria; herritar apartez beteriko herria; ahaldundua eta nortasunez betea. 

Gu gara gure herriak izan dezakeen enbaxadorerik onenak. Oriotarrontzat herri bat nahi dut. Edertasuna ez baita kanpotik ikusten dugun hori. Edertasuna nortasuna da, norbera bere buruarekin gustura egotea. Eta gu herritarrok gustura bagaude, etortzen dena besoz-abalik hartuko eta gure egingo dugu.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!