Jardunaldi baten faltan, beteranoen ligako txapeldun da Badok 13

Aritz Mutiozabal 2021ko uzt. 19a, 16:30

Getxoko Bandera irabazi zuen atzo oriotarrez eta zarauztarrez osatutako taldeak, jarraian irabazten duen bederatzigarrena. Asteazkenean Euskadiko Txapelketan lehiatuko da.

La Salve Liga irabazi dute Badok 13ko arraunlariek liga bukatzeko jardunaldi baten faltan. Atzo, Eusko Label ligaren ondoren Getxon jokatu zen beteranoen estropada irabazita, matematikoki txapeldun dira jada.

Juan Angel Garmendia Xarpas-ek gidatutako taldeak denboraldi guztian erakutsi du nagusitasuna. Getxon ere ez zuten hutsik egin Orioko eta Zarauzko arraunlari beteranoek, eta trapu berri bat erdietsi zuten beraien lorpenen erakusleihorako. Estropadan, ziabogara iristerako 6 segundoren abantaila zuten Fortunarekiko, eta amaierarako 8 segundora igo zen aldea. Gisa horretan, Badok 13k bederatzigarren estropada irabazi zuen jarraian.

Nolanahi ere, oraindik ez da amaitu beteranoen jarduna; asteazken honetan Euskadiko Txapelketa jokatuko dute Lekeitioko uretan, eta ilusio handiz uretaratuko dira hitzordu garrantzitsura. Duela bi urte bezalaxe, Ikurrina irabazten saiatuko dira.

Azkenik, datorren larunbatean ligako azken jardunaldia izango dute Pontejosen (Kantabria, Espainia), eta estropada horrekin emango diote amaiera denboraldi zoragarriari.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!