Hemen daudela esateko ordua

Dorleta Agiriano Lai 2021ko uzt. 28a, 09:30
(Utzitakoa)

Giranice taldeak «zuzenekoen esentzia» jaso eta lau abesti grabatu zituen iaz. Irailera bitartean aurkeztuko du emaitza, eta kontzertuei ekingo die horren ostean. 

Hamar urte bete ditu Giranice musika taldeak, eta azken bost urteetan esku artean izan duen sorpresa batekin agurtu du uda hasiera. Oriotarrek 2015ean aurkeztu zuten haien azken lana, Ur, eta urtebete beranduago beste bi kantu sortu bazituzten ere, horiek ez dute sekula argirik ikusi. Kontzertuetan zuzenean jo izan dituzte haien barren-barrenetik ateratako bi abesti horiek, baina ez dituzte inoiz grabatutako lan modura kaleratu, orain arte.

Iaz, itxialdi orokorra indarrean sartu baino pare bat aste lehenago, Giranicek Andoaingo Garate Estudioetan grabatu zituen 2016an sortutako bi abestiak eta labetik atera berriak ziren beste bi kantu. Eñaut Gaztañaga soinu teknikariak eta Aitor Bereziartua bideo zuzendariak lagunduta, zuzenean jota grabatu zituzten lau piezak, bideo formatuan jasota. «Zuzenekoen esentzia pantaila aurrera ekartzeko asmoa errealitate egin» nahi zuten, azaldu dutenez. Apurka-apurka, emaitza kaleratzeari ekin diote uda honetan: momentuz, Istmo eta Geysir abestiak aurkeztu dituzte ikus entzunezko formatuan, eta datorren irailera bitartean emango dituzte ezagutzera gainontzeko bi kantuak, banaka.

Mikel Kazalis gitarrista zarauztarrak ere jarri du «bere aletxoa» Geysir kantuan, «gitarrari astindua emanez». Andoni Lertxundi Giraniceko biolin-jotzaileak azaldu du abesti oso sutsua dela, eta beste lan batzuetan «lasaitasun uneak» izaten diren arren, kasu honetan ez dela hori hainbeste betetzen. «Horregatik iruditu zitzaigun egokia zela Mikelek [Kazalis] parte hartzea, bera ere oso sutsua delako», dio Lertxundik.

«Normalean abesti oso luzeak egiten ditugu, eta halaxe da Geysir ere», adierazi du musikari oriotarrak. Giranicek sarri egiten ditu 10 minuturen bueltan iraun ohi duten kantuak, agian, gaur egun hain ohikoa ez den ezaugarria da hori musika sorkuntzan. «Ez dakit hautu bat izan den edo, besterik gabe, abesti luzeak sortzea ateratzen zaigun», hausnartu du Lertxundik: «Uste dut, kantuak egiten hasten garenean, beren espazioa ematen saiatzen garela abesti guztiei, eta haiek eskatzen duten zerbait dela, askotan, denboran luzatu ahal izatea». Lantzen duten musika instrumentala izateak ere horretan eragiten duela uste du biolinistak. «Intentsitatearekin jolastu» ohi dutela ere azaldu du, gainera.

Taldekideen arabera, «emozioei behar duten arnasa ematen» ahalegintzen dira, «entzuleen erraietara iristea bilatzen» baitute. Horretarako, «soinu aldaketa bortitzak, erritmoak eta melodiak erabiltzen» dituzte.

Bost barne-ahots

Lertxundik dio uda garaian ez direla «oso aktibo» egoten oholtza gainean, baina behin haien azkeneko lau kantuak aurkeztuta, kontzertuak eskaintzea dela asmoa. Uda hau amaitzean izango da hori. «Abesti hauek argitaratuta, gure asmoa zen nolabait hor gaudela esatea jendeari eta, gero, udazkenean, modu aktiboan aritzea kontzertuetan», jakinarazi du.

Giranicek boskote modura hasi zuen ibilbidea 2011n: Giranice izenpean, sei abesti instrumentalek osatutako lana argitaratu zuen. 2012an kaleratu zuen Enea lana (bost abesti dira) eta, lehen aipatu bezala, 2015ean aurkeztu zuen azkeneko diskoa, Ur (bi kantuk osatua). 2015etik
aurrera, Orioko taldeak eszenatokietan ere eman zituen ezagutzera Enea eta Ur, zuzeneko kontzertuen bidez.

Hamar urteotan taldean zenbait aldaketa izan badira ere, gaur egun ondoko kideek osatzen dute: biolina jotzen du Lertxundik, Alexander Zubizarreta eta Iñaki Gurrutxaga aritzen dira gitarran, Mikel Heras arduratzen da baxuaz eta bateria astintzen du Imanol Arrutik. Bost kide besoz beso, eta gaitasun nahiz ekarpen bereziekin. Izan ere, haien esanetan, «espezialitate desberdineko musikariak elkartzen dituen proiektua» da Giranice.

Lertxundik esan duenez, Zubizarreta gitarristak «oso estilo garbia dauka jotzeko», eta «konfiantza handia» ematen die taldekideei kontzertuak ematerako garaian: «Badakigu joko duena garbia izango dela eta ez duela hutsik egingo». Gurrutxaga «akordeak eta doinuak sartzerako orduan oso abila» dela azpimarratu du biolinistak, baita abestietan «oso politak diren eta belarrira oso ondo ematen duten akordeak» gehitzen trebea dela ere. Arruti bateria-jotzaileak, aldiz, taldeari «indar eta sendotasun handia» ematen dizkiola uste du Lertxundik, «kolpe gehiegi sartu gabe, baina behar diren guztiak sartuta». Arruti eta Heras baxu-jotzailea «oso ondo lotzen» direla iritzi dio gainera Lertxundik, eta oso ondo ulertzen dutela elkar; «Mikelek [Heras], gainera, ia edozer gauza jotzen daki». 

Bere buruari dagokionez, Lertxundik dio, musika instrumentala izanda eta «ahots baten faltan», sarri «protagonismo handia» har dezakeela biolinak, baina haren asmoa beti izaten dela «horretan ez erortzea» eta «soinuaren parte izatea, protagonista izan gabe».

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!