'Si yo fuera rico' filma emango dute larunbatean hondartzan

Dorleta Agiriano Lai 2021ko uzt. 22a, 08:30

22:00etan izango da proiekzioa. Komedia bat da Si yo fuera rico gaztelerazko filma; Ah! Si j'étais riche lanaren bertsio bat, hain zuzen.

Aurrera doa udako kultur programazioa Orion. Besteak beste, hainbat film proiekzio antolatu ditu udalak, eta larunbat honetan, uztailaren 24an, izango da bigarrena. Si yo fuera rico filma emango dute Antilla hondartzan, gazteleraz.

22:00etan hasiko da emanaldia, eta udalak jakinarazi duenez, bertaratzen direnek aulkietan eserita ikusi beharko dute filma. Segurtasun distantziak mantenduko dira aulki batetik bestera.

Komedia bat da Si yo fuera rico, eta 2019an eman zuten argitara. Film zahar baten bertsioa da Alvaro Fernandez Armerok zuzendutako lana; hain zuzen, Gerard Bitton eta Michel Munz zuzendari frantsesen Ah! Si j'étais riche pelikularena. 2002an kaleratu zuten. Bi filmek oinarri berdina dute: ezustean eta bat-batean aberats bilakatzen den pertsona bat da protagonista.

Proiekzioak udan zehar

Uztailaren 10ean izan zen udako aurreneko proiekzioa, eta orduan ere hondartzan izan zen saioa: Lur eta Amets lanaz gozatzeko aukera izan zen. Abuztuaren 7an Jumanji The Next Level  emango dute Antillan, eta abuztuaren 20an, Bihurri, jauretxetik kale gorrira.

Hondartzako proiekzioez gain, Gure Zirkuaren karpan izango dira bi proiekzio udan, uztailaren 28an eta abuztuaren 11n. Zirkuari buruzko ikus-entzunezkoak egongo dira ikusgai, baina oraindik ez dute zehaztu zein film izango diren zehazki.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!