Anuska Esnalek bat egin du Bergaran elkartu diren alkate eta hautetsiekin

Aritz Mutiozabal 2021ko uzt. 21a, 16:59

Duela 45 urte Hego Euskal Herriko alkateen mugimendua sortu zen, eta gaur berriro Bergaran elkartzeaz gain, manifestu bat irakurri dute.

1976ko uztailaren 21ean, Alkateen Mugimenduak deituta, Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroaren izenean, 70 udal batzartu ziren Bergarako udaletxean, Foruen indargabetzearen mendeurrena gogoratzeko. Gaur, 45 urte geroago, Euskal Herriko alderdi abertzaleetako ia 70 alkate eta hautetsi berriz batu dira Bergaran, "munduari herri bat garela eta herri hau biziberritu nahi dugula esateko". Bertaratu direnen artean, Anuska Esnal Orioko alkatea izan da.

“Orduan bezala, bizi dugun egoera honetan ere –COVID-19ak eragindakoa–, erronka berriei ekin beharrez aurkitzen gara, eta argi aldarrikatu nahi dugu, etorkizuneko gizarte erronkei erantzun baikor bat eman ahal izateko, euskal herritarren ahotsak bere lekua behar duela, hitzaren eta erabakiaren jabe behar dugula izan”, aldarrikatu dute eguerdian irakurri duten manifestuan.

Herri modura antolatzeko asmoa berretsi dute, eta bakoitzaren gaitasun indibiduala gaitasun kolektibora batu behar dela, herritar guztiei "bizi-proiektu duin eta kalitatezkoa" bermatzeko beharrezkoak diren tresnak eskuratuz. "Orain, munduari esaten diogu herri honek, Euskal Herriak, bizirik jarraitzen duela eta bizirik jarraituko duela, hori baita gure herriaren gehiengo handi baten nahia”.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!