Asteazkenean 'Agua para elefantes' filma emango dute Gure Zirkuko karpan

Dorleta Agiriano Lai 2021ko uzt. 26a, 10:30

Turismo bulegoan eskuratu behar dira proiekziorako gonbidapen-txartelak. Abuztuaren 11n ere izango da emanaldi bat Gure Zirkuko karpan.

Uda honetarako ere zenbait zine proiekzio antolatu ditu Orioko Udalak. Hondartzan izan dira bi saio jada, baina horretaz gain, Gure Zirkuko karpan prestatu dituzte bi emanaldi berezi. Asteazken honetan, hilaren 28an, izango da karpako lehenengo proiekzioa, eta abuztuaren 11n bigarrena.

Aste honetan Agua para elefantes filma emango dute. Francis Lawrencek zuzendutako drama erromantikoa da, eta Reese Witherspoon eta Robert Pattinson aktoreek egin zituzten protagonista lanak. Zirkuko karpa batean izango da proiekzioa, eta hain zuzen, zirku batean kokatutako istorio bat kontatzen du filmak ere.

22:00etan hasiko da emanaldia, eta udalak jakinarazi duenez, gehienez 160 pertsonak bertaratu ahal izango dute. Sarrera doakoa da, baina ikusleek gonbidapen-txartela eduki beharko dute; turismo bulegoan (Piliku plaza) eskura daitezke tiketak, goizez nahiz arratsaldez.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!