Hondakinen edukiontzi gehiago jarri dituzte hondartzan

Dorleta Agiriano Lai 2021ko uzt. 27a, 15:30
(Orioko Udala)

Hondartzako bi sarreretan "indartu" dute hondakinen bilketa sistema; edukiontzi gehiago jarri dituzte eta, eguraldi ona egiten duenean, egunean bi aldiz jasotzen dituzte hondakinak.

Hondakinen bilketa sistema "indartu" dute Orioko hondartzan. Batetik, "ikusita joan-etorri handiko egunetan azkar egiten zutela gainezka", edukiontzi gehiago jarri dituzte hondartzako bi sarreretan. Aurrerantzean bi edukiontzi gehiago izango dira sarrera bakoitzean; alegia, bederatzi guztira. Ontzi arinak eta errefusa biltzeko hiruna edukiontzi egongo dira sarreretan, eta organikoa, papera eta beira jasotzeko bana.

Bestetik, eguraldi ona egiten duenean, sarriago jasoko dituzte hondakinak. Gaur-gaurkoz goizero husten dituzte ontziak, 11:00etan. Eguraldia ona baldin bada, ordea, bigarren bilketa bat ere egiten dute orain, 17:00etan.

Gipuzkoako Foru Aldundiarena da hondartzako eremuan hondakinen bilketa sistema kudeatzeko ardura, eta Orioko Udalaren esanetan, hark eskatu dio Aldundiari Orioko sistema "indartzea".

Erlazionatuak

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!