Aiarrak txalupan, aurten ere

Iñigo Gaiton 2021ko uzt. 29a, 10:00
Udane Hoyos, Amaia Arregi eta Maddi Alkain. Ane Arruti falta da, laugarren aiarra. Argazkia: Iñigo Gaiton.

Orioko traineruetan betidanik izan dira estropalari aiarrak, eta aurtengo denboraldia ez da salbuespena. Emakumezkoen taldeak Aiako lau arraunlari ditu tosten artean: Ane Arruti, Udane Hoyos, Amaia Arregi eta Maddi Alkain. Erreportajea egiteko elkarrizketatu diren hiru arraunlariek adierazi dutenez, gustura daude aurten txalupak duen martxarekin.

Oriok ez omen du Kontxako Banderarik irabazten tartean aiarrik ez bada. Aspaldidanik, askotan errepikatu izan da esaldia txantxetan, herri bateko eta besteko estropalari eta zaleen artean. Bromak broma, egiatik ere asko du ordea, ia dena ez bada.

Historiari erreparatuz gero, Orioko gizonezkoen taldeak irabazitako Kontxako Bandera askotan egon dira tartean arraunlari aiarrak. Emakumezkoen kasuan, bete-betean betetzen da esaerak dioena: 2019an eta 2020an irabazitakoak dira Orioko nesken bi Kontxako Banderak, eta bietan izan dira aiarrak taldean.

Aurten, Aiako lau estropalari ari dira arraunean emakumezkoen traineruan. Horietatik hiruk azaldu dutenez, gustura daude txalupa uretan ematen  ari diren errendimenduarekin, eta pozik ere bai, haien estropadetan izaten ari den lehia ikaragarriarekin: "Sekula jokatu den Euskotren ligarik ikusgarriena da aurtengoa".

Errioaren ondoan
Amaia Arregi Arratola (Aia, 1995) da aiarren artean beteranoena, oraindik 26 urte baditu ere. Orioren eta Aiaren arteko mugan hazia da, erriotik —eta Juan Luis Amilibia ontzigileak traineruak egiten zituen tokitik— metro gutxira dagoen baserri batean. Handik datorkio ezizena. 

Bizitokia Aiako lurretan izan arren, eguneroko bizitza Orion egin duela aitortu du. "Han egin nituen ikasketak, eta lagun kuadrilla ere oriotarra dut", zehaztu du.

Arratola hamahiru urterekin hasi zen arraunean. Ez zen, ordea, etxeko aurreneko estropalaria izan. "Familian oso arraunzaleak izan dira, baina etxeko lehen estropalaria anaia izan zen, eta gero ni hasi nintzen, haren atzetik". Anaia, Xabier Arregi, Orioko lehen traineruan ibili da azken urteetan, eta orain ere barruan dabil. "Biok elkartzen garenetan ez da beste konturik izaten: arrauna eta arrauna", dio irribarretsu. 

Badu amets bat: "Anaiak eta biok urte berean Kontxako Bandera irabaztea, biok bigarren igandean uretan garela. Baina oso zaila da". 

Debutean, bandera
Maddi Alkainek (Aia, 2002) aurten egin du debuta lehen taldean, eta Galizian jokatutako estreinako estropadan bandera irabazi zuen. Arratola bezala, harrobian zaildutako kirolaria da bera ere. 
Orioko familia askotan gertatzen den modura, Aian ere badira arraun munduan tradizioa duten sendiak. "Aitona Aginagako traineruan ibili zen gaztetan, eta oker ez banago, Orion ere egin zuen arraunean. Izeba, berriz, Arraun Lagunak-en eta Hondarribian. Anaia ere arraunlaria dut", aletu ditu etxekoak. 

Alkainek aspaldiko ametsa bete du aurten, bandera irabazita baino gehiago, traineruan sartuta: "Gaztetxoetako etapa guztietan prestatzen zara seniorretan eman beharreko jauzirako. Aspalditik nuen argi helburua: egunean batean Orioko traineruan arraun egitea".

Galizian irabazitako banderarekin, urte luzez egindako lana borobildu izana sentitu zuen. "Taldeak egindako lanaz harro sentitu nintzen, baina batez ere, nire buruarekiko sentitu nuen harrotasuna. Traineruan sartzea ez da erraza, eta lan ikaragarria dago atzean. Urteetako ahalegina", azaldu du. 

Gaztetxoa zela, miresmenarekin begiratzen zion traineruko tripulazioari. "Itziar Olasagasti, adibidez, erreferentea izan da niretzat. Oso ondo egiten zuen arraunean, eta urte asko egin ditu elkartean. Leire Alcala eta Vicky Piñeiro ere oso onak dira. Telebistan ikusten nituenean, errespetua ematen zidaten. Egia esan, taldeko beteranoak oso lagunkoiak dira, eta asko laguntzen digute integratzen". Taldekideen artean duten elkartasuna da taldearen indargunea nagusia, Alkainen iritziz. 

Aiarren artean ere harreman berezia dutela aitortu du. Whatssap talde bat dute laurek, Komando Aia, Arraunetxera egin beharreko joan-etorriak antolatzeko, besteak beste. 

Aian ere jarraitzaileak
Aian estropadek jarraitzaile ugari dituztela azaldu du Udane Hoyosek (Aia, 1998). "Arraunarekin dagoen zaletasuna ez da Oriokoa bezain sutsua, logikoa den modura, baina kalean jendeak interesa agertzen du. Herrian nik uste baino jarraitzaile gehiago ditugula ikusi dut azken urteetan. Jendeak telebistan ikusten ditu estropadak normalean, baina Kontxan edo Zarautzen izaten dira aiarrak ikusleen artean", adierazi du.   

Hoyos Aiako lagun taldetxo batekin batera hasi zen arraunean, kadete mailako lehen urtean. Orain, bera da tosten artean jarraitzen duen bakarra: "Lotura handia da, orduak eta orduak. Konpromisoa ere bai, jakina. Horregatik uzten du kirola jende askok". 

Zorionez, aiarren sokak ez du eteteko itxurarik momentu honetan. "Gero eta haur gehiago animatzen dira arrauna probatzera, eta Aiako estropalari batzuk badaude gaztetxoen taldeetan". Poz handia ematen dio horrek Hoyosi, arraunak berari asko eman diolako: "Kirola bera zoragarria da. Gainera, arraunean taldean aritzeak balore oso onak —errespetua, sakrifizioaren balioa...—  barneratzen laguntzen dizu, eta hori oso ona da eguneroko bizitzarako".  

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!