Eskubaloia nesken artean errotuz

Erabiltzailearen aurpegia Orio Eragin Eskubaloia Kluba 2021ko abu. 14a, 09:00

Uztaileko KARKARA aldizkarian plazaratutako artikulua, 'Akuilua hartuta' atalean.

2019ko martxoaren 8an, emakumeentzat horren seinalatua den egunean, ilusioz ekin genion guretzat oso berezia izaten ari den proiektu honi. Gogotsu abiatu ginen eta bidean emandako pauso bakoitza gozatzen dihardugu, azken helmugara iristea baino garrantzitsuagoa baita bidean zoriontsu izatea.

Unean uneko beharrei eta eskakizunei erantzuten ahalegindu gara momentu oro, hori dela eta, emakumezkoen kirola sustatu eta hainbat kirol mota emakumeengana zabaltzea izan dugu xede hasieratik. Herritarrak zein ingurukoak ematen ari diren erantzuna ikusita, oso eskertuta gaude, eskubaloiarekiko zaletasuna pizteaz gain, familia giroa sortzen ari baita Orio Eragin eskubaloiaren bueltan.

Bi urtetan klub honek lortutakoa handia izan da. Argi dago kadete mailako Sinergia taldearen lorpena (Espainiako Sektoreko Txapelketara sailkatu izana) garrantzitsua dela klubarentzat, baita kadete zein jubenilak Euskal Ligara igo izana ere. Hala eta guztiz ere, kirol emaitzetatik harago, guretzat lorpena gaztetxoek kirol hau aukeratzea da, emakumeen kirola herrian sustatzea, herriko jendea gazteen erreferente bilakatzea, gurasoak (eta batez ere Guraso Batzordeko kideak) dei egin orduko laguntzeko prest egotea eta guztion onerako herrigintzan aritzea.

Lorpenak aipatzen hasita ezin esan gabe utzi infantilek eta eskubaloi eskolan dabiltzan gazteenek izan duten jarrera eredugarria. Hilabete luzez zigortuenak beraiek izan dira, eta behin eta berriz erantzukizun eta gogo erakustaldia eman digute. Beraien osasun eskubideak urratu dituzte gazteak izateagatik bakarrik, eta guk egoera tamalgarri horren aurrean sufritu egin dugu. Hori guztia ikusita, argi dago gure garaipenik handienak ez direla markagailuan islatzen, eguneroko lanean baizik.

Ekintzak proposatzen hasi ginenetik hogeita lau hilabete igaro dira. Orokorrean, guztiontzat hilabete gogorrak izan dira, eta zer esanik ez hasiberria den proiektu bat aurrera eramateko. Gure jarduna normaltasunez egiteko oztopo ugari izan ditugu bidean pandemia egoera dela eta, baina aurrera egin ahal izan dugu, etxetik bada ere. Hilabete horietan ekimen ugari antolatu ditugu, besteak beste, eskubaloi udalekuak; Gabonetako topaketak; etxeratze aginduan geundenean entrenamenduak online; familientzat erronkak; eta Orio Eragineko familiaren bilgune modura, bingo partidak. Horiez gain, Karela torneoaren bi edizio, hondartzako eskubaloia eta belar eskubaloia ere egin ditugu; baita guztia prest izanda ere COVID-19 pandemia zela-eta gauzatu ezin izan genuen Tortosako torneoa elkarte guztiarentzat. Azken hori egoerak baimentzen duenean klubak egingo duen lehen ekintzetako bat izango da, jokalari zein entrenatzaileon nahietako bat baita.

Aurretik aipatutako guztia, ordea, ez litzateke posible izango udalaren eta herriko merkataritzaren laguntzarik gabe, beraz, mila esker laguntzaile, kolaboratzaile eta babesle izan zaituztegun guztioi.

Amaitzeko, mila esker bihotzez proiektu honetan sinistu eta honen aldeko apustua egin duzuen guztioi eta bereziki Orio Eragin eskubaloi klubaren parte zaretenoi. Honek lanean jarraitzeko indarra ematen digu.

Oooorio Eragin!

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!