Astelehenean amaituko da hegaluzearen kanpaina

Amaia Urbieta Arruti 2021ko abu. 13a, 11:23

Datorren astetik aurrera atseden hartuko du baxurako flotak, eta udazkeneko kanpainarako prestaketa lanekin hasiko dira laster. 

Gaur, bihar eta etzi izango dira hegaluzea harrapatzeko azken egunak baxurako flotarentzat nahiz aisialdiko arrantzaleentzat. Ezarritako kuotaren %90 arrantzatu dute dagoeneko, beraz, abuztuaren 16ko 00:00etatik aurrera, debekatuta egongo da hegaluze gehiago arrantzatzea. Hori dela eta, asteartean izango da azken aukera MSC eta Eusko Label ziurtagiria duen baxurako hegaluzea arrandegietan aurkitzeko.

Kanpainaren balorazio positiboa egin dute oro har. "Arrantzaleek hegaluzea aurkitu dute euskal kostaldetik gertu, eta harrapaketa onak egin dituzte. Horrek espeziearen egoera ona berresten du. Hegaluzearen batez besteko prezioa egonkor
mantendu da 3,5 euroan".

Datorren astetik aurrera, baxurako flotak atseden hartuko du egun batzuetan, eta udazkeneko kanpainarako prestatuko dira. Kanpaina horretan, sardina eta txitxarroa izango dira nagusi inguraketa ontzientzat eta legatza, zapoa, kongrioa eta beste espezie demertsal batzuk arte txikietako flotarentzat.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!