Jokin Eizmendik irabazi du Igeldoko Harria, zazpigarrenez

Amaia Urbieta Arruti 2021ko abu. 15a, 09:34

Gainontzeko harri-jasotzaileei koska aterata irabazi zuen Ostolazaren eskolan jarduten duen Eizmendik, nagusitasunez. Gorka Etxeberria eta Aimar Galarraga oriotarrak laugarren eta bosgarren geratu ziren, hurrenez hurren.

Tamaina hartua dio Jokin Eizmendi harri-jasotzaile zarauztarrak Igeldoko Harriari. Zazpigarrenez irabazi zuen atzokoan txapelketa entzutetsua, hamazazpi altxaldirekin. Ostolazaren harri eskolan jarduten denak koska atera zien, gainera, gainontzeko harri-jasotzaileei, bigarrenak hiru altxaldi gutxiago egin baitzituen. Mikel Lopetegi Urra zarauztarra geratu zen bigarren, 134 kiloko harri baldarra hamalau aldiz jasota.

Horrela geratu zen sailkapena atzokoan:

1-      Jokin Eizmendi  17 jasoaldi.

2-      Mikel Lopetegi Urra 14 jasoaldi.

3-      Beñat Telleria 14 jasoaldi.

4-      Gorka Etxeberria  13 jasoaldi.

5-      Aimar Galarraga  12 jasoaldi.

6-      Paulo Azpiazu  10 jasoaldi.

7-      Alex Merlo  8 jasoaldi.

Datorren urtean, Uliako harria

Harri-jasotzaileak lanean jarri aurretik, Uliako harria aurkeztu zuten atzoko txapelketan. Datorren urtean, emakumezkoek ere parte hartuko dute txapelketan, eta horiek Uliako harria altxatu beharko dute, 70 kiloko harri baldarra. Aurkezpenean izan ziren Joseba Ostolazaren eskolako lau harri-jasotzaile: Udane Ostolaza, Aroa Sanchez, Naiara Zumeta eta Ane Zinkunegi.

Argazkiak: Ibon Errazu

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!