Ikusle mugatuarekin jokatuko da Kontxako Bandera

Aritz Mutiozabal 2021ko abu. 27a, 14:35
Kontxako Banderak aurkeztu dituzte gaur goizean, Donostian. (Donostiako Udala)

Irailaren 1ean eta 2an jokatuko dira sailkatze estropadak; emakumezkoak lehiatuko dira lehen egunean, eta gizonezkoak bigarrenean. 17:30etik aurrera izango dira probak.

Gaur eguerdian aurkeztu dituzte Donostiako Estropadak, aurtengo Kontxako Banderak erakusgai zituztela. Guztira, 44 ontzik eman dute izena iraileko lehen bi igandeetan plaza bat eskuratzeko helburuarekin batzuk, eta ametsarekin besteak. 20 traineru ariko dira emakumezkoen kategorian –orain arteko parte hartze handiena– eta 24 gizonezkoenean; eta Orioko lehen bi taldeak bertan izango dira, bai emakumezkoak bai gizonezkoak.

Iaz bezala, lehiaketaren segurtasuna bermatzeko, proba guztiak ordubete aurreratuko dituzte, eta sailkatze estropadak bi egunetan banatu. Beraz, emakumezkoen sailkatze proba irailaren 1ean, asteazkenean, jokatuko da, 17:30etik aurrera eta gizonezkoena hurrengo egunean, irailaren 2an, ordu berean. Igandetako estropadak, irailaren 5ekoa eta 12koak, 10:00etan hasiko dira, emakumezkoen jardunaldiekin; gizonezkoena ordubete geroago jokatuko da, 11:00etan.

Berrikuntza gisa, aurtengo edizioan, gizonezkoen estropadaren ziabogarako gida izan diren beira-zuntzezko baltsen ordez buia esferiko handi batzuk jarriko dituzte.

Ikusle mugatuarekin

Bigarren urtez Donostiako Estropadak pandemiak sortutako osasun egoerak eraginduta egongo da, batik bat horren harira sortzen den festari dagokionean. Aurten, ordea, ikusleen zati bat berreskuratzea erabaki dute antolatzaileek, eta pandemiaren aurretik zeukaten % 20 inguruko edukiera mugatua zehaztu dute.

Horretarako, aldez aurretik sarrera erosi beharko da, estropaden egunetan ez baita txarteldegirik egongo, ezta sarrerak erosteko aukerarik izango ere. Guztira, bederatzi ikus-eremu atonduko dituzte estropada eremuaren inguruan, eta Pasealeku Berrian tribuna ere ezarriko dute.

Tribunarako sarrerak 8 eurotan eskuratu ahalko dira online edota Victoria Eugenia antzokiko lehiatilan, gaurtik hasita. Sarrera orokorrak, berriz, bi euro balio du, eta Victoria Eugenia antzokiko leihatilan salduko dute, abuztuaren 30etik aurrera. Guztira, 1.210 sarrera jarriko dituzte salgai eta pertsonako gehienez sei erosi daitezke.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!