Galizian jokatuko dira asteburuan Eusko Label ligako estropadak

Juan Luis Romatet 2021ko abu. 28a, 10:00
Orioko trainerua Aresen. Argazkia: CRO Orio

Galizian jokatuko dira asteburu honetan Eusko Label ligako estropadak: Aresen gaur eta Moañan bihar. Banderetarako lehian sartzea, eta ohorezko txandan sartzea izango du helburu Oriok.

Kontxako Banderaren aurreko azken estropadak izango dira gaur Eusko Label ligan. Galiziarako bidea hartu du traineru ligak: Aresen gaur eta bihar Moañan jokatuko dira estropadak. XIV. Bandeira Concello de Ares jokatuko da gaur arratsaldean, 18:13etan hasita; bihar, berriz, XXXIX. Bandeira Concello de Moaña izango da jokoan, eguerdiko 12:13etatik aurrera. 

Helburu oso desberdinekin joan dira eskualdeko bi ontziak Galiziara. Orio bigarren txandan ariko da gaurko estropadan, eta aurreko hitzorduetan erakutsitako maila ona berrestea izango du helburu. Laugarren izan zen pasa den larunbatean Ondarroan, eta bigarren egun bat geroago Hondarribian. Emaitza hauei esker, sailkapenean laugarren den Zierbena puntu bakarrera du San Nikolasek: 141 puntu ditu Zierbenak eta 140 Oriok. Banderak irabazteko lehian egotea eta azken estropadetarako ohorezko txandan sartzea izango luke helburu Orioko traineruak. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!