Manu Urbietak (Zarautz, 1963) erakusketa jarriko du Orioko kultur etxean. Astelehenetik aurrera, bisitariek artistak egindako margolanez, argazkiez eta eskulturez gozatzeko aukera izango dute. Erakusketa kultur etxearen ohiko ordutegian egongo da zabalik, urriaren 3ra bitartean.

Urbietak bere buruaren aurkezpen hau egiten du, artista modura:

«Adinean aurrera goazela, lotsak alboratzen goaz, eta gure kobazulotik irteteko beldurrak uxatzen ditugu; nire kasuan, behintzat, horrela izan da.

Nire lanaren inguruan ez daukat definizio garbirik: materialak basoan eta itsasoan topatzea, ukitzea, nahastea, moztea, elkartzea eta, ahal dudan neurrian, loturak egitea gustatzen zait. Margolanekin collage-ak egitea gustatzen zait, pigmentuak, paperak, marmol hautsak eta abar nahastuz eta, gainean, tipografiarekin eta hitzekin jolastea. Azken finean, forma, kolore eta materialekin jolas egitea maite dut.

Laserrez moztu eta ondoren pintatutako aluminiozko xafla batzuk ere jarri ditut ikusgai Orioko erakusketan.

Bestalde, argazkiei leihoak egitea ere gustatzen zait, eta horrelako batzuk ere erakutsiko ditut, plaketa portzelanikoan eginak: batzuk oxido kolorekoak eta beste batzuk gris ilunekoak. Argazkiak Pablo Azkuerenak dira.

Kultur etxeko aretoak aukera eman dit hiru diziplinekin askatasunez jolasteko; horixe baita, azken finean, bilatzen dudana: jolas librean jardutea eta barnetik ateratzen denarekin aurrera egitea, besteen begiradari erreparatu gabe».