Berdintasunaren inguruko diagnostikoa egiteko, galdetegi bat jarri du martxan Orioko Udalak

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ira. 6a, 15:00

Udalaren asmoa da aurten idaztea "emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko plana", eta diagnostiko bat egitea izango da aurreneko urratsa. Horretarako, besteak beste, "herritarren bizipenak eta iritziak" jasoko ditu, inkesta baten nahiz saio irekien bidez.

Orioko Udalak abian du Berdintasun Plana idazteko prozedura. "Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko plana" izango litzateke esku artean daukana, eta asmoa da urte honetan idaztea bide-orri hori. "Berdintasun Plana neurri-sorta bat da, bermatzen duena emakumeek eta gizonek aukera berak dituztela alor guztietan", dio udalak.

"Plana osatzeko prozesua", baina, "neurri-sorta hori bezain inportantea" dela azaldu du. Bide horren lehenengo pauso modura, "herritarren bizipenak eta iritziak" bilduko ditu udalak. Galdetegi bat prestatu du horretarako, eta oriotarrei dei egin die galderak erantzutera. Modu anonimoan jasoko dira erantzunak, eta "konfidentzialtasun osoz" landuko dira, udalaren esanetan.

Besteak beste, berdintasunaren inguruko nozioari, "inguruan errotuta dauden egoera matxistei" nahiz "berdintasuna bermatzeko" neurriei buruzko galderak ageri dira inkestan. Lotura honetan erantzun daiteke galdetegia, eta irailaren 15era arte egongo da horretarako aukera.

Saio ireki bat, hilaren 16an

Inkestaz gain, gaia lantzeko saio ireki bat antolatu du udalak. Irailaren 16an izango da, 18:00etan, Arraunetxen. Helburua berdina izango da: oriotarren bizipenak eta iritziak ezagutzea.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!