Veneziako Mostran estreinatuko duten euskarazko lehen film laburrean parte hartu du Maialen Sarasuak

IƱigo Gaiton 2021ko ira. 7a, 16:30

Mikel Gurrearen 'Heltzear' filmaren edizio lanak egin ditu Sarasuak. Irailaren 10ean botako dute publikoaren aurrean estreinakoz, Veneziako 78. Zinemaldiaren barruan.

Veneziako 78. Zinemaldia martxan da lehengo asteazkenetik, eta halaxe jarraituko du irailaren 11ra bitartean. Aurtengo edizioak berezitasun handi bat du euskaldunentzat: euskara hutsean egindako filma botako dute estreinakoz, nazioarteko jaialdi ezagunean. Hain zuzen ere, Mikel Gurrea zinemagilearen 'Heltzear' film laburra proiektatuko da "mostra" entzutetsuan, punta-puntako beste hainbat lanen artean.

Maialen Sarasuak filmaren sortze prozesuan parte hartu du, eta harena izan da edizio lanen ardura. Venezian da egunotan zinemagilea, film laburraren zuzendariarekin eta ekoizleekin (Xabier Berzosa eta Ander Sagardoy) batera.

'Heltzear' film laburraren sinoposia

Donostia, 2000. urtea. Gatazka armatua bor-bor oraindik ere. Falta den anaiari gutun bat idazten ari den bitartean, bere bizitzako paretik zailena igotzeko prestatzen jarraitzen du Sara izeneko 15 urteko eskalatzaileak.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!