"Bizilagun izatetik lagun izatera pasatu da oriotar asko; aurtengo uda ere zoragarri joan da"

Iñigo Gaiton 2021ko ira. 9a, 14:30
Iker Galartza atzo, Gure Zirkuaren karparen kanpoaldean. Argazkia: Iñigo Gaiton.

Gure Zirkuak bi hilabete egin ditu aurten ere Orion. Iker Galartza "oso pozik" agertu da, funtzioetako txartel guztiak saltzeaz gain, herriarekin eta oriotarrekin sortu duten harremanarengatik. Gure Zirkuaren hurrengo urratsaren berri ere eman du: Tolosan karpa txikia jarri eta zirku eskola sortu nahi dute, "harrobia lantzea" helburu hartuta.

Larunbatean emango du Gure Zirkuak Orion udako azken funtzioa. Hirugarren urtez jarraian bisitatu du zirkuak herria, eta Iker Galartzaren esanetan, "ezinhobea" izan da aurtengo egonaldia. Zirkuaren arduradunaren hitzetan, publikoaren aldetik erantzun "aparta" jaso dute: "Badaezpada ere, uztailerako soilik programatu genituen emanaldiak. Sarrera guztiak saltzen ari zirela ikusitakoan, Orioko egonaldia luzatzea erabaki genuen".

Galartzak dioenez, oso ondo integratu dira oriotarren artean. "Bizilagunak izatetik lagun izatera pasatu dira karpa jartzen dugun eremuaren inguruko asko. Tragoak hartzera eta elkarte gastronomikoetara gonbidatu izan gaituzte herritarrek, eta beti egon izan dira laguntzeko prest. Oriotarrek zirkua haiena ere badela sentitzea gustatuko litzaidake", azaldu du.

Gure Zirkua "udako klasiko bat" bihurtu dela aitortu izan diote oriotarrek. "Uda ez omen da hasten karpa muntatu arte, eta alderantziz, zirkua joaten denean bukatzen omen dira oporrak... kar kar kar", dio umorez. Herriarekin sortutako harremanaren atzean "errespetua" dagoela nabarmendu du: "Sor dezakegun zalapartaz jabetuta, saiatzen gara bazkalostean-eta musikarik ez jartzen, jendearen lo kuluxkak-eta errespetatzeko. Harremanak zaintzeaz gain, herriko denda eta komertzio txikietan erosten dugu behar dugun guztia». 

Zirkuaren ofizioan, duin
Gure Zirkuak funtzio asko egin ditu Orion bi hilabeteetan, eta sarrera guztiak saldu dituzte. Zirkuaren bideragarritasunari buruz galdegin zaio Galartzari: "Publikoa dagoen bitartean, zirkuak funtzionatuko du. Lan taldeari dagokionez, baldintza duinetan lan egiten dugula esango nuke. Pandemia hasi zenean karpa handiagoa ekarri genuen, murrizketetara moldatu eta lehengo publiko kopuru bera mantendu ahal izateko. Horri esker, 225 edo 250 lagunentzako tokia dago karpan, eta kopuru horiekin, lan talde osoari eusteko gai gara", dio zirkuaren arduradunak. "Dena den, partaide guztiek uztartzen dituzte zirkuarekin aurretik zituzten lanak edo proiektu berriak, neronek ere bai", argitu du. 

Galartzaren esanetan, halako proiektu bat beti egongo da ziurgabetasunari lotuta: "Orain ondo ari gara, baina nork daki zer gerta daitekeen. Funtzioa moldatzen joaten gara, aldatzen eta hobekuntzak egiten. Dirudienez, oraingoz beti asmatu dugu, baina kontrakoa ere gerta daiteke". 

Zirkua sortuta, umetako ametsa bete du artistak. Harrobia lantzen hasteko ilusioa du orain: "Tolosan karpa txiki bat jarri nahi dugu, zirku eskola abiatzeko. Izan ere, hau ez genuen sortu Galartzaren Zirkua izan zedin; hasieratik saiatu gara jendearengan arrastoa uzten, eta guk erretiroa hartutakoan, belaunaldi berriek ikuskizunarekin jarraitzea gustatuko litzaidake". 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!