Urtero bezala, zubian eman dizkiete indarrak zaleek Orioko arraunlariei

Onintza Lete Arrieta 2021ko ira. 12a, 07:58

07:30erako jende andana bildua zen gaur goizean zubian, errepidearen bi aldeetara, eta txarangaren musika eta oihu artean abiatu dira Donostiako badiarantz Orio Arraunketa Elkarteko neska-mutilak Kontxako banderaren bila.

Egun handia da gaur Orion, eta goizean goizetik elastiko horiak nagusitu dira kaleetan. 10:00etan hasiko dira lehian emakumezkoak, eta Oriok dena emango du aurreko astean galdutako segundo hori berreskuratu eta Arraun Lagunak taldeari aurre hartzeko.

11:00etan hasiko da gizonezkoen lehia, eta bigarren txandan, ohorezkoan, jokatuko dute oriotarrek. Hondarribia eta Santurtzi dira faborito, aurreko astean denbora onenak lortuta, baina Orio borrokarako prest joango da, eta goizeko zaleen bultzada lagun dutela.

KARKARA hantxe izango da, gertatzen denaren berri ematen.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!