Banderarik ez, baina burua goran izateko mila arrazoi ditu Oriok

Juan Luis Romatet 2021ko ira. 12a, 10:55

Punta-puntako lehia eskaini dute Oriok eta Donostia Arraun Lagunak traineruek Kontxako Estropadako bigarren jardunaldian. Dena zegoen jokoan, Oriok estropada handia egin du, baina azkenean donostiarrek irabazi dute bandera. 

Lehen jardunaldiaren ondoren, segundo eta erdiko aldea besterik ez zegoen Donostiako eta Orioko traineruan artean. Arraun denboraldi osoan gertatu bezala, berdintasun handia erakutsi zuten bi eskifaiek lehen jardunaldian, eta bigarrengoan ere halaxe gertatu da. Garbi zegoen alde handirik ez zela izango bi ontzien artean, eta goizean Donostian jokatutako estropadak hala erakutsi du. 

Oriok bere buruan sinesten zuen, bandera irabaztera atera da Donostiako badiara. Eta halaxe atera da, ziztu bizian. Lehen kaletik atera da Orio, bigarrenetik Donostia Arraun Lagunak. Bata bestearen alboan, lehia gogorrean. Oriok aurrea hartu du, baina aldea bi segundotik ez da inoiz pasatu. Ziabogara heltzean Orio zen aurretik 4:59 denborarekin; Donostia Arraun Lagunakek bi segundo geroago eman dio buelta, 5:01 denborarekin. Ordurako Donostiarra (5:06) eta Hondarribia (5:10) atzean geratu dira.

Itzulerako luzean Orio estriborrera joaten saiatu da, bigarren kalera, olatuak aprobetxatzeko. Baina donostiarrek bere kaleari eutsi diote bueltako luze osoan, eta epaileek bandera zuria erakutsi die oriotarrei; beraien kalera itzultzeko eskatu die. Hor egon da estropadako gakoetako bat, eta donostiarrek aldea jan bakarrik ez, aurrea ere hartu dute. Segundo bat, bi. Alde horri lehen jardunaldiko segundo eta erdia gehitu behar zitzaien. Saiatu da Orio, bai saiatu ere. Hortzak estutu ditu, erritmoa halditu. Baina ez da posible izan. Badian sartzerakoan aurretik zen Donostia Arraun Lagunak, eta hala heldu da hemugara ere, 10:33.56 denborarekin. Orio bigarren izan da, bi segundo eta erdira (10:36.24), estropada bikaina egin ondoren. Ez du bandera irabazi, baina harro egoteko arrazoi ugari eskaini ditu. 

Lehen txanda Tolosaldeak irabazi du, Hibaika, Chapela eta Deustoren aurretik. 

Sailkapena (bi jardunaldietako denborak batuta)

1. Donostia Arraun Lagunak: 21:05.18

2. Orio: 21:09:50

3. Donostiarra: 21:28:24

4. Tolosaldea: 21:35:14

5. Hondarribia: 21:37:16

6. Hibaika: 21:53:16

7. Chapela: 21:56:84

8. Deusto: 22:05:82

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!