Ahalduntze Eskolak zenbait ikastaro eta saio antolatu ditu datozen hilabeteetarako

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ira. 14a, 11:00
Iazko ikasturte amaierako ospakizuna. (Orioko emakumeen* Ahalduntze Eskola)

Emakumeei zuzendutako bi ikastaro egingo dituzte abendura bitartean. Horretaz gain, "elkarbizitzako eskubide eta betebeharren" inguruko hitzaldi bat eta Erradikalak ginen emanaldia izango dira Orion. Aholkularitza juridikoa eta indarkeria matxista kasuetarako bidelaguntza eta aholkularitza zerbitzua ere martxan ditu Orioko emakumeen* Ahalduntze Eskolak.

Orioko emakumeen* Ahalduntze Eskolak honakoa izango du bigarren ikasturtea, eta irailetik abendura bitarteko programazioaren berri eman du jada. Urrian hasita, emakumeei zuzendutako bi ikastaro eskainiko dituzte: mendi orientazioa eta perine eta mugimendu tailerra.

"Emakumeon artean mendizaletasunak gora egin du azken urteetan, baina sarri gizonen gidaritzapean egiten ditugu mendi irteerak", azaldu du Ahalduntze Eskolak. Hortaz, mendi orientazio ikastaroaren helburua izango da "mendian era seguru batean ibiltzeko orientazioko oinarrizko ezagutza teoriko-praktikoak" lantzea. Patri Espinarrek gidatuko ditu saioak, eta euskaraz nahiz gazteleraz jardungo du.

Lau saio egingo dituzte mendi orientazioan, urrian guztiak: urriaren 1ean (17:00-20:00), 2an (09:30-14:00), 9an (09:30-14:00) eta 16an (09:30-13:30). Partaide guztiak, hasi aurretik, kultur etxean elkartuko dira beti, eta Ahalduntze Eskolak jakinarazi duenez, ikastaroan izena emateko beharrezkoa da mendian hiru edo lau orduz ibiltzeko gai izatea.

Perine eta mugimendu tailerrean, aldiz, "gorputz osoko ekintzetan" pelbis-zorua "kontuan hartzen" ikasiko dute parte hartzaileek. Horretarako, besteak beste, "tonifikazioa, erlaxazioa, malgutasuna eta koordinazioa" landuko dituzte, "zentzumenezko lana eginez", "perineoa eta berau inguratzen duen egitura guztia" ezagutzen ikasteko. Jesica Morales izango da tailerreko dinamizatzailea, eta gazteleraz arituko da.

Hamar saio prestatu dituzte guztira, hain zuzen: urriaren 6rako, 13rako, 20rako eta 27rako, azaroaren 3rako, 11rako, 18rako eta 24rako, eta abenduaren 1erako eta 15erako. 11:00etatik 12:30era izango dira saio guztiak, Kosta tailerrean.

Kostu berdina du bi ikastaroetarako matrikula egiteak; 40 euro. Dena den, Ahalduntze Eskolak gogorarazi du tailerrak doakoak izango direla langabezian daudenentzat, ikasleentzat, pentsiodunentzat eta "prekaritate egoeran daudenentzat".

Ahalduntze Eskolan bertan eman daiteke izena (kultur etxean dago kokatuta), baina baita telefonoz (623 178 553) edo posta elektroniko bidez (ahalduntzeeskola@orio.eus) ere. Astean hiru aldiz egoten da zabalik Ahalduntze Eskolako bulegoa: 16:00etatik 19:00etara astelehenetan eta ostiraletan, eta 10:00etatik 13:00etara asteazkenetan.

Hitzaldi bat eta ikuskizun bat

Ikastaroak antolatzeaz gain, Ahalduntze Eskolak bi hitzordu jarri ditu azarorako. Azaroaren 12an Erradikalak ginen ikuskizuna eskainiko dute Arraunetxen Ane Labaka bertsolariak eta Beatriz Egizabal antzerkilariak, 19:00etan hasita. Bertsolaritza eta umorea uztartuko dituzte emanaldian, "feminismoa zehar lerrotzat hartuta".

Azaroaren 17an, bestalde, Elkarbizitzako eskubide eta betebeharrak hitzaldia emango du Macarena Mujikak. Kultur etxeko areto nagusian egingo dute saioa, 17:00etatik 20:00etara, eta hizlariaren helburua izango da entzuleek "bizikidetza unitateak, bikoteak edo bestelako elkarbizitza taldeek izan ditzaketen eraginen gaineko kontzientzia hartzea". Zenbait galdera hartuko ditu abiapuntu modura: "Nola antolatu dezaket elkarbizitza? Zein eragin izango du honek etorkizunean? Ezkontza, izatezko bikotea edo bestelako tresnak zein aukera eskaintzen dizkigute eta zein desberdintasun daude beren artean?".

Ikastaroetan bezala, hitzaldira edo Erradikalak ginen emanaldira bertaratzeko asmoa dutenek aurrez eman beharko dute izena Ahalduntze Eskolan.

Aholkularitza zerbitzuak, abian

Bestalde, ikasturte berriari ekitearekin batera, aholkularitza juridikoa jarri du martxan Ahalduntze Eskolak. Doako zerbitzua da, eta behar dutenek kontsultak egin ditzakete hainbat gai zehatzen inguruan, adibidez: "dibortzioa, emakumeen kontrako erasoei buruzko prozesu penalak, dibortzio prozesuetatik sortutako gatazkak, mantenu pentsioen ordainketa ezak, atzerritartasunarekin lotutako arazoak, etxeko langile zein gainontzeko langile emakumezkoen kaleratzea, diskriminazioa, eskubideei buruzko informazioa, laguntza sozialak eta bestelako laguntzak". Garazi Pagola eta Macarena Mujika aritzen dira aholkulari lanetan.

Ahalduntze Eskolako bulegoan egin behar dira kontsulta guztiak, eta abendura bitartean lau egunetan egongo da horretarako aukera: irailaren 27an, urriaren 25ean, azaroaren 29an eta abenduaren 3an. Hiru ordu iraungo dute saio guztiek, 16:00etatik 19:00etara. Hala ere, beharrezkoa da hitzordua aurrez eskatzea, Ahalduntze Eskolan bertan.

Indarkeria matxista jasan duten emakumeei zuzendutako bidelaguntza eta aholkularitza ere eskaintzen du Ahalduntze Eskolak. Astean hiru egunez jo dezakete bulegora beharra duten emakumeek, hain justu, 16:00etatik 19:00etara astelehenetan eta ostiraletan, eta 10:00etatik 13:00etara asteazkenetan. Aurrez eskatu behar da hitzordua, dena den.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!