Udalak azaldu duenez, galdetegiaren helburua da "oriotarren bizipen eta iritzi pertsonalak modu anonimoan jasotzea". Erantzunak "konfidentzialtasun osoz" tratatuko dituztela ere gehitu dute. Irailaren 15era bitartean egongo da zabalik galdetegia betetzeko aukera.

Berdintasun plana: zer da?

Udalak azalpen bat ere plazaratu du, berdintasun plan bat zer den azalduz. Azpialdean irakur daiteke, osorik:

Berdintasun-plana neurri-sorta bat da, bermatzen duena emakumeek eta gizonek aukera berak dituztela alor guztietan. Neurri-sorta hori bezain inportantea da, ordea, berdintasun-plana osatzeko prozesua. Prozesuan prestakuntza-saioak, lansaioak eta bilerak antolatzen dira, berdintasunerako bidean ezinbestekoak diren gaiak lantzeko: soldata arrakala, bereizketa bertikala eta horizontala, sustapenerako aukerak, beirazko sabaia, indarkeria, jazarpen sexistak, eta abar. Berdintasunean bizi garela uste dugu maiz, baina, gaian pixka bat sakontzen hasi orduko, berehala ohartzen gara oraindik asko dugula egiteko.