Salatxo Abesbatza berriz hasi da entseguekin

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ira. 17a, 09:00
(Salatxo Abesbatza)

Astelehenetan eta ostegunetan entseatzen dute Salatxo Abesbatzako kideek, gauez. Dei egin diete "Orion eta Aian ugari diren kantuzaleei" saio horietan parte hartzera.

Udako oporraldiaren ostean, abian da berriz Salatxo Abesbatza. Joan den astelehenean izan zen ikasturteko lehenengo entsegua San Nikolas elizan; izatez Kosta tailerrean elkartzen dira abesbatzako kideak, baina pandemiaren harira ezarritako neurriak direla-eta, ezin dute lokala erabili. Hortaz, urte amaierara arte behintzat, elizan entseatuko dute.

Astean bi aldiz bilduko dira han, astelehenetan eta ostegunetan, 21:00etatik 22:30era.

Salatxok dei egin die "Orion eta Aian ugari diren kantuzaleei" saio horietan parte hartu dezaten, "inolako konpromisorik gabe". "COVID-19agatik sortutako babes-protokoloa ondo beteta, taldean kantatzeak dituen onurak asko dira, eta bereziki lagungarria da, bizitzen ari garen garai zail hauetan, bizipoz iturri gisa", esan dute abesbatzako kideek.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!