Martxotik hona 9.000 erabiltzaile inguru izan dira Orioko kanpinean

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ira. 20a, 18:30
(Orioko Udala)

Aurreko urteko datuekin alderatuta, %55 egin du gora bisitarien kopuruak. Hego Euskal Herrikoak izan dira erabiltzaile gehienak; %80tik gora, hain zuzen. Azaroaren 15ean amaituko da kanpineko aurtengo sasoia.

Orioko kanpinean udaberriak eta udak utzi dituzten datuak eman ditu argitara Jone Olaskoaga zuzendariak. Martxotik iraila hasiera aldera bitartean, 9.324 erabiltzaile baino gehiago izan dira kanpinean; kanpineko partzelak erabili dituzte gehienek, 6.500 inguruk, eta bungalowak gainerakoek.

Aurreko urtetik hona gora egin du bisitarien kopuruak. Izan ere, iazko sasoi berdinean (martxotik iraila hasiera aldera) 6.000 baino gutxiago izan ziren erabiltzaileak. %55 inguru igo da, beraz, bisitarien kopurua.

Erabiltzaile bakoitzak, batez beste, lau eta bost gau artean egin ditu Orioko kanpinean. Iazko datuekin alderatuta, zertxobait jaitsi da bisitari bakoitzak igarotako gauen batez besteko kopurua, Olaskoagaren arabera.

Azaldu du, bestalde, eguraldi txarrak ez duela eragin handiegirik izan baina, kontrara, nabarmenak izan direla "pandemiak eragindako azken orduko ezeztapenak". Gobernuek ezarritako murrizketek edota gobernuen gomendioek eragin dituzte ezeztapen horiek, besteak beste.

Gehienak, Hego Euskal Herrikoak

Olaskoagak emandako datuen arabera, kanpinean aurtengo udaberrian eta udan izan diren bisitari gehienak dira Hego Euskal Herrikoak; %80 baino gehiago, hain justu. Gainontzekoak Espainiako Estatuko beste eremu batzuetakoak izan dira; besteak beste, Aragoikoak, Kataluniakoak eta Madrilgoak.

Erabiltzaileen %3 inguru izan dira beste estatu batzuetakoak, baina, dirudienez, irailean zertxobait ari da igotzen ehuneko hori. "Udaberrian eta udazkenean atzerritarrak izaten ditugu gurean", dio Olaskoagak.

Gorakada azken hamarkadan

Orioko kanpineko zuzendariak azpimarratu du azken hamarkadan gorakada handia izan dela kanpinen sektorean, eta goranzko joera hori indartzeko arrazoietako bat izan dela, esaterako, autokarabanen erabilera igo izana. Iazko itxialdi orokorraren ostean, jende ugarik aire librean egoteko guneetara jo zuela iritzi dio; tartean, kanpinetara eta naturaguneetara. Kanpinek "eskaintzen" dutena, hain zuzen, "natura, lasaitasuna eta aire librea" direla uste du.

Orioko kanpineko tabernan funtzionamendua "ona" izan dela ere azaldu du Olaskoagak. Bisitari gehiago izateak ahalbidetu du tabernan ere bezero gehiago izatea; gainera, herriko eta inguruko herrietako bezeroen kopurua handiagoa izan da aurten, zuzendariaren esanetan.

Azaroaren 15ean bukatuko da kanpineko aurtengo denboraldia, eta eguraldiak bereziki eragingo du ordura arteko okupazioan, zuzendaritzak aurreikusi duenez. Eguraldi ona egiten baldin badu, asteburuetan lan gehiago izango dutela esan du Olaskoagak. Urriko zubiari eta Behobia-Donostia lasterketari (azaroan izaten da) ere egin die azpimarra.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!