Iñaki Oliden: "Idiak ondo jarri nituen uztarrian, eta hori izan zen garaipenaren gakoa"

Iñigo Gaiton 2021ko ira. 22a, 08:42

Denboraldiko aurreneko txapela lortu du Iñaki Olidenek Errezilgo kintopeko idi probetan, astelehen iluntzean 64 plaza egin eta gero. Uztarriarekin asmatzeaz gain, lehiaketan euria ere erabakigarria izan zela nabarmendu du. 

Aurreko bi probetan asmatu ezinik ibili eta gero, garaipena lortu duzu Errezilen. 
Bai, iritsi da txapela halako batean. Aizarnazabalen bi uztarri hautsi nituen proban. Hori oso arraroa da; bat haustea tira, gertatzen da tarteka, baina bi puskatzea, ez zait inoiz tokatu. Elgoibarren, berriz, ez nuen lehiaketa nahi bezala borobildu.  
Errezilen, zorionez, ondo atera zaizkit gauzak, eta lan polita eginda irabazi dugu txapela. Pare honi txapelak irabazteko potentziala ikusten nion, eta azkenean, lortu dugu.  

Zertan asmatu duzue?
Uztarrian ondo jarri nituen idiak, eta horri esker izan dugu azkar ibiltzeko aukera. Elgoibarko probarako uztarri berriak egin nituen, eta lehiaketan ez nuen asmatu idiak ondo lotzen, ez behintzat pareari errendimendu onena ateratzeko moduan. 

Hori buruan izanik, uztarriari moldaketa batzuk egin nizkion azken proba honetarako, eta horretan ondo asmatu dugu. Bestalde, gure idiak pisuz hobeto iritsi dira Errezilgo demara aurrekoetara baino. 

Bereizgarririk ba al du Errezilgo probalekuak?
Gipuzkoako motzena dela esango nuke. 20 metro izango ditu, edo gutxixeago. Lurra puntaduna izanik, idiak ez dira gehiegi irristatzen euria ari duen egunetan. Aire zabalean dagoela ere esan behar da. Astelehenean, adibidez, euria egin zuen, eta horrek  baldintzatu zuen proba. 

Zertan eragiten du euriak?
Aldekoa edo kontrakoa izan daiteke. Lurra ondo bustita badago, edo proban zehar euria ondo ari badu, hori lagungarria gerta liteke, harri mota batzuk errazago irrist egiten dutelako. Euriarekin arazoa izaten da geratu eta lurra lehortzen hasten denean. Alde horretatik, astelehenean zortea izan genuen, guk lanean jardun genuenean euri txikia bota zuelako etengabe. Ostiralean eta larunbatean ere emana zegoen, baina ez zuen egin, eta litekeena da horrek gure alde jokatu izana

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!