Albaolarena izango da Mutiozabal ontziolaren kudeaketaren ardura

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ira. 22a, 15:00

Orioko Udalak Albaola Itsas Kultur Faktoriari esleitu dio ontziolaren kudeaketa, lehiaketa publiko bidez. Proiektu berriarekin, besteak beste, ontzi tradizionalak egiteko prozesua erakutsi nahi dute Mutiozabalen.

1919an eraiki zuten Orioko Mutiozabal ontziola. Mutiozabal familiak ekin zion han jardunari; gero, Ostolaza familiaren esku geratu zen negozioa, eta ostolazatarrek, 1945ean, Francisco Carrera Txanka eta Agustin Gozategi egin zituzten bazkide. Ramon Carreraren gain geratu zen ontziolaren ardura haren aita Txanka zendu zenean, eta hark, 2007an eten zuen jarduna.

Orioko Udaleko aurreko agintaldian, EAJ buru zenean, Mutiozabal erosi eta berreskuratzeko lanak egitea erabaki zuen udalbatzak, eraikinaren egoera "oso txarra" zela iritzita. Bi fasetan banatuta egin zituzten lanak, eta 2019an amaitu zuten obra. 2018an, gainera, Eusko Jaurlaritzak monumentu kategoriako kultura-ondasun izendatu zuen ontziola.

Aurreko legealdian hasi zen, bestalde, Mutiozabalerako proiektu berri bat sortzeko prozesua. Ontziolan martxan jarri zitezkeen jardueren inguruan hitz egiten hasi ziren udal taldeak, baina ordura arte zehaztutakoa bertan behera geratu zen gobernua aldatzean. Gerora, jeltzaleek salatu izan dute EH Bilduren gobernuak "albo batean"  duela aurreko agintaldian prestatutako proiektua.

Lau ardatz

Bakartxo Oliden Sektoreak, Turismo eta Merkataritza batzordeburuak azaldu duenez, proiektu zaharra gelditu zuten "oso independentea" zela uste zutelako: "Mutiozabalerako lehengo proiektua ez zegoen beste egitasmo batean txertatuta. Gure asmoa da ontziolak loturak izatea beste proiektu batzuekin". "Errioaren bueltan" irudikatu dute, hain justu, egitasmo orokor bat: "Denbora luzez egon gara hondartzari soilik begira, baina orain, dagokion indarra eman nahi diogu errioari ere".

Lau ardatz nagusi izango lituzke "errioari begira" udal gobernuak eman nahi duen bultzadak: Mutiozabal, Etxeluzeren zati bat —Gaztetxearena da eraikinaren erdia—, kofradia eta Arraunetxe. "Lau puntu horiek lotuko dituen eta errioaren inguruan bilduko dituen proiektu indartsu bat egin nahi dugu", esan du Olidenek.

Norabide horretan, zenbait urrats posible zehaztu dituzte dagoeneko. Mutiozabalen emango lukete lehenengo pausoa, Albaola Itsas Kultur Faktoriarekin batera. Ontziolaren kudeaketa esleitzeko lehiaketa publiko bat izan du martxan udalak, eta joan den uztaileko plenoan jakinarazi zuenez, Albaola izan da aurkeztu den bakarra.

Hala, Itsas Kultur Faktoriak mahaira ateratako proiektua jarriko dute martxan Orion. Albaolan egindako piezak Mutiozabalera eramatea eta han ontziak muntatzea izango litzateke asmoa; aste barruan, Lehen Hezkuntzako 6. mailatik gorako ikasleek izango lukete horretarako aukera, eta asteburuetan, berriz, familiei zuzendutako jarduera modura eskainiko litzateke. "Modu horretan, egurrezko ontziak egiteko prozesua ikusteko aukera izango lukete ikasleek eta familiek", azaldu du Olidenek.

Hori izango litzateke udalak eta Albaolak abiatu nahi duten lehenengo jarduera, baina ez bakarra: "Aurrerago, nabigazio zentro bat ireki nahi dugu Etxeluzen, Mutiozabalen egindako ontziak hara eramateko eta han, alokairu bidez-edo, erabiltzeko aukera emateko".

Olidenek dio udala eta Albaola elkarrekin ari direla plangintza egiten: "Lanean ari gara proiektua ahalik eta azkarren aurkeztu ahal izateko jendaurrean; ea neguan izan daitekeen". Aurreikusi dute premiazko zenbait lan egin beharko dituztela orain; besteak beste, beharrezkoak diren baimenak lortzea eta txukuntze lanak egitea ontziolan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!