Asier Sarasola: "Klasikora jo dut azkenean"

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ira. 29a, 11:30
(Utzitakoa)

Txarangarekin, Gozategirekin edo Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin, Asier Sarasolaren (Orio,1992) parte da tronpeta. Bere ibilbideaz eta etorkizunaz hitz egin du.

Tronpetari lotutako ikasketak egin dituzu.Noiz eta nola hartu zenuen erabaki hori?

Txikitatik jotzen dut tronpeta; Orioko musika eskolan ekin nion trebakuntzari. 18 urterekin hasi nintzen txarangetan jotzen, eta jende asko ezagutu nuen. Musika ikasketak zituzten horietako askok, eta orduan hasi nintzen planteatzen: ikasketak zituztenek zenbait gaitasun zituztela ikusi nuen, ulermenari eta gauzak ikasteko trebetasunari lotuta. Nik gogoa banuen, bai, baina askotan sumatzen nuen gaitasun batzuen falta.

Bultzadarik handiena, dena den, lagun batek musika klasikoko grabazio bat erakutsi izana izan zen. Orduan erabaki nuen, 23 urterekin eta irakasle ikasketak eginda, tronpeta ikasketak egiteko aukera emango niola nire buruari. Bi urtez izan nintzen Donostiako kontserbatorioan, eta Bartzelonara joan nintzen gero.

Zer egin duzu gero?

Joan den ekainean amaitu nituen ikasketak. Gero kanpora joan nahi nuen master bat egitera, baina ez dut horretarako aukerarik izan, eta hemen geratu naiz azkenean. Kasualitatez, Euskadiko Orkestra Sinfonikotik deitu zidaten orain dela gutxi. Istripu batizan zuen lau tronpetarietako batek, eta nigana jo zuten. Hiru egunera hasi nintzen orkestrarekin entseatzen, eta lau entsegu egunen ostean, irailaren 20an eman genuen kontzertua Euskalduna jauregian.

Bartzelonan ere sekulako aukera izan nuen uztailean: Orquestra Simfonica de Barcelona i Nacional de Catalunya orkestrarekin jotzeko deitu zidaten. Bat-batekoa izan zen orduan ere, jo behar genuen egunean bertan jarri baitziren nirekin harremanetan. Niretzat izugarria da ikasketak amaitu eta jarraian halako lekuetan jo ahal izatea.

Nolakoa da maila horretako orkestra batean aritzea?

Ikaragarria da ordutegiak nahiz atsedenaldiak errespetatzen dituzten lekuetan hain azkar aritu izana, eta, batez ere, nazioarteko zuzendari baten gidaritzapean jotzea. Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendariak Municheko [Alemania] orkestran ere jarduten du. Haren parean jartzea soilik sekulakoa da niretzat.

Hori bai, inpresioa egiten du halako tokietan jotzeak. Urduritasun handia sentitzen da, eta hasieran gaizki pasatu nuen. Bi nota jo behar nituenean ere urduri jartzen nintzen, banekielako begira izango nuela zuzendaria. Berez ohituta nago formatu horretan jotzera, baina ez maila horretan.

Eta, aurrera begira, zer asmo dituzu?

Berez, Danimarkara joan nahi nuen master bat egitera, baina aurten ez denez posible izan, hurrengo urtean joango naiz. Orkestran jotzeko espezializatu nahi dut, eta horri lotutako master bat da egingo dudana.Orkestretan frogak egiteko aukera izango dut gero; Europa osoan, gainera. Hemengo orkestretan plaza oso gutxi izaten dira, eta kanpora jo behar izaten dute askok.

Aurten klaseak ematen ari naizTolosako musika eskola batean, eta tarteka kontzertuak emateko aukera ere izaten dut. Gozategi taldearekin jotzen dut, esaterako. Pandemia dela-eta kontzertu akustikoak izan dira azkenekoak, eta hortaz, ez dut haiekin jotzerik izan. Kontzertu normalak egiten hasten direnean, baina, taldearekin jotzen jarraitzeko asmoa dut.

Txarangak, Gozategi taldea, orkestrak... Musika egiteko oso modu desberdinak dira horiek. Orkestran aritzeko espezializatzea erabaki duzu zuk. Zergatik?

Orkestran lantzen den musika mota da gehien erakartzen nauena. Lehen aipatutako lagunak grabazio hura erakutsi arte ez nuen mundu hori ezagutzen, baina orduan hasi nintzen pixkanaka tradizio klasikotik datorren musika entzuten, eta gustatu egin zitzaidan. Hemen, nolabait, bazterrean uzten da musika mota hori. Beste estilo batzuk ere gustatzen zaizkit, baina musika klasikora jo dut azkenean. Eta orkestra batean aritzea da horren aterabiderik logikoena. Gustatuko litzaidake hainbeste gustatzen zaidan musika hori jo ahal izatea egunen batean, eta ahal bada, orkestra handi batekin.

Nola deskribatuko zenuke tronpeta instrumentu gisa?

Soinu desberdina du instrumentu bakoitzak, eta pertsona bakoitzak gustu ezberdinak ditugunez, instrumentu ezberdinak gustatu ohi zaizkigu. Haize metalak nahiko indartsuak dira, eta sarri tronpetarena izaten da soinurik altuena edo gehien entzuten dena.Tronpetak berezitasun bat dauka: hain zuzen ere, orkestra batean-edo tronpeta jotzen denean, entzun egiten da [barreak]. Tronpetak askotan estaltzen ditu gainontzeko instrumentuak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!