Carlos Peña igerilariak 24 orduko zeharkaldia egingo du Oria ibaian, bihar eguerdian hasita

Aitziber Arzallus 2021ko urr. 8a, 15:30
Pilar Lekuona, Carlos Peña eta Anuska Esnal, atzo, Donostian egin zuten agerraldian. (Orioko Udala)

Bihar 12:00etan hasiko da igerian Arraunetxe parean, eta 24 orduz errioan gora eta behera ibili ostean, etzi ordu eta leku berean lehorreratuko da igerilari tolosarra. Gipuzkoako erizainak omendu nahi ditu, pandemia garaian egin duten lanagatik.

Carlos Peña igerilari tolosarrak asteburu gogorra du aurretik. Bihar 12:00etan uretaratuko da Orioko Arraunetxe parean, eta 24 orduz errioan gora eta behera igerian aritu ostean, etzi, ordu eta leku berean lehorreratuko da. Zeharkaldi solidarioa izango da; hain zuzen ere, Gipuzkoan lan egiten duten 5.465 erizainak omendu nahi ditu, pandemia garaian egin duten lanagatik. "Zeharkaldi honekin gure errespetua, miresmena, maitasuna eta animoak" eman nahi dizkiela adierazi zuen atzo, asteburuko erronka aurkezteko atzo Donostian egindako agerraldian.

Peñak munduko bi errekor ditu bere palmaresean, eta "muturreko igerilari solidario" gisa izendatzen du bere burua, ez baita gisa honetako erronka bat egiten duen lehen aldia. Oraingoan Orio eta Oria ibaia aukeratu ditu, han entrenatu ohi duelako eta gustuko lekua duelako. Erronka Orioko Udalarekin eta Gipuzkoako Erizainen Elkargo Ofizialarekin koordinatuta egingo du, eta atzoko agerraldian izan ziren bi erakunde horietako ordezkariak ere.

Anuska Esnal Orioko alkateak adierazi zuenez, "ezin genion ezetz esan Carlosi erizainei omenaldia egiteko proposamena egin zigunean", eta nabarmendu zuen udal talde guztiek babestu zutela ekimena hasiera-hasieratik. "Asteburu honetan, Carlosi 24 orduko balentrian laguntzea besterik ez dago, hain luzea eta neketsua izan den aldi honetan erizain guztiek egindako ahalegina eta sakrifizioa irudikatzera baitator. Zailtasunak zailtasun, erakutsi duzuen ahalegin eta kemenagatik, Gipuzkoako erizainei guztiei eskerrik asko, eta Carlos, animo asko".

Erizainen elkargoko lehendakari Pilar Lekuonak ere esker oneko hitzak izan zituen erizainentzat zein Peñarentzat. "Erizainek egunero erakusten dute profesionaltasuna eta konpromisoa, eta hori guztiz frogatuta geratu da, bereziki, egokitu zaigun pandemia urte luze honetan. Beraz, eskerrak erizainei, eta eskerrik asko, Carlos, gugan pentsatzeagatik zure erronka betetzeko; benetako ohorea da". Gipuzkoako erizainei eskatu zien.

Datu esanguratsu batzuk

Lekuonak datu esanguratsuak eman zituen atzoko agerraldian. Haren esanetan, elkargoak egindako galdeketa baten arabera, Gipuzkoako erizainen % 21 kutsatu dira COVID-19arekin. Horregatik, beharrezkotzat jo zuen haien lanari daukan balioa ematea: "Pandemia garaiotan herritarrek gure lana eskertzen diguten bezala, premiazkoa da administrazioak eta erakundeek ere erizainen beharra nabarmentzea, ez bakarrik Gipuzkoan, baita Euskadin ere". Aitorpen hori, ekintza eta diskurtso hutsaletatik harago egin beharra nabarmendu zuen, arreta zertan jarri behar den esatearekin batera. Besteak beste, lurraldeen arteko konparazio bidegabeak saihestu behar direla adierazi zuen; soldatak, ratioak eta gainontzeko lan baldintzak berrikusi behar direla; intrusismo profesionalaren kontrako neurriak hartu behar direla; eta abar. "Badakigu profesional prestatuak, trebeak eta autonomoak garela, eta arreta ematen diegun pertsonen aldeko sakrifizio espiritua dugula, baita osasuna galtzen badugu ere. Horregatik gai horien kudeaketan lidergoa eskatzen dugu".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!