Carlos Peña: "Burua pentsamendu onetara eraman behar da muturreko probetan"

Iñigo Gaiton 2021ko urr. 15a, 08:51

Carlos Peñak 24 orduko saioa egin zuen Orion asteburuan. Errioan gora eta behera ibili zen bizkarka igerian, ekintza solidarioa gauzatzeko. Sorbaldak "minduta" ditu oraindik ere.

Igande eguerdian bukatu zenuen Arraunetxen 24 orduko igeriketa saioa. Zer moduz zaude? Nola ematen zaio buelta halako esfortzuari?

Egunotan, ez dut ezer berezirik egiten. Igande eguerdian bukatu nuen proba, eta etxera iritsitakoan siesta koskor bat egin nuen. Ondoren, yougurtha jan eta berriro sofan jarri nintzen. Telebistari begira, lo-kuluxka txikiak egin nituen, eta gauean gosea sartu zitzaidan; fundamentuz afaldu nuen. Gaua, aldiz, ez zen batere ona izan. Esna ibili nintzen bizpahiru orduro. Oso lasai hartzen dut errekuperazioa: luzaketak egiten ditut, bihar-edo oinez ibiltzera joango naiz, ostiralean masajistarengana…

Gorputzean minik-edo utzi al dizu ahaleginak?

Gutxi. Sorbaldak minduta ditut, baina gainontzean, ondo bilatzen dut nire burua. Ez dut ahultasunik sentitzen.

Aspaldian hasi zinen igerian zeharkaldi oso luzeak egiten, eta mundu mailako errekorrak ere lortu izan dituzu. Nondik datorkizu halako probak egiteko afizioa?

Oso gaztetatik. 14 urterekin, Behobia-Donostia lasterketa irabazi nuen jubenilen mailan, 01:17 denbora eginda. 17 urterekin, maratoia hiru ordutan bukatu nuen. Bi urte geroago, maratoian 02:44 marka lortu nuen , eta hurrengo urtean, 20 urterekin, 02:32 denboran jarri nuen nire marka. Betidanik izan dut esfortzu luzeak ondo kudeatzeko gaitasuna.

Eta nola pasatu zinen lehorretik uretara?

Lesio baten ondorioz. Min hartu nuen hanketan, eta korrika egiteari laga behar izan nion. Kirolaren grina barru-barruan nuenez, igeriketarekin probatu nuen, nahikoa modu kuriosoan. 1989an Lodosan (Nafarroa) bizi nintzen. Anaia eta biok berriketan ari ginen batean, burutazio bat izan genuen: Logroñotik Zaragozaraino igerian joatea, Ebro ibaian gora. Pentsatu eta egin. Hura izan zen igerian egindako lehen zeharkaldia. Orduko neoprenozko jantziak oso lodiak ziren, eta horren ondorioz, besoak ezin genituen ondo mugitu. Ezinezkoa zen igerian crawl estilora egitea, aurreraka. Horregatik, bizkarka, atzeraka egin genuen igerian Zaragozaraino, eta ordutik, proba guztiak halaxe gauzatu ditut: atzeraka.

Atzeraka joanda, zailagoa izango da ondo orientatzea. Nola jakiten duzu zuzen zoazen edo ez?

Ondoan izaten ditudan laguntzaileei esker. Igerian ari naizen bitartean, piraguetan joaten diren lagunak une oro ikusten ditut, eta horiek ematen dizkidate abisuak arraunen palekin.

Errioan gora eta behera ibili zinen Orioko saioan. Zenbat kilometro egin zenituen igerian?

58 kilometroren bueltan. Larunbat eguerdian Arraunetxetik aterata, marearen alde ibili nintzen uneoro. Ibaian gora, Usurbileraino iritsi nintzen.

Ordu horietan guztietan, ezustekorik izan al zenuen?

Marea bakoitzak sei orduko iraupena izaten du. Bada, marea biziak izan ziren asteburuan, eta errioan behera azkar jaitsi nintzen, espero baino azkarrago. Txurruka ingurura ailegatutakoan, oraindik ordu eta erdi falta zen marea igotzen hasteko, eta ez nuen korrontearen aurka igerian egin nahi. Marea oso beheran zegoen, eta errioko toki batzuetan ez zegoen urik. Horregatik, nahikoa ur zegoen iskina bat bilatu, eta ordu eta erdiz toki berean bueltaka ibili nintzen igerian, denbora egiten, mareak buelta hartu zain.

Nola topatu zenuen ura?

Ondo, arazorik ez nuen izan. Hosto eta adarxka gehiago topatu nituen gora joan ahala, baina ez zidaten martxa oztopatu. Ura nahikoa garbi zegoen.

Zer ekipamendu erabili zenuen uretan?

Urpekaritzako 5 milimetroko neoprenozko jantzia eta nik egindako aletak. Nire jardueran, abiadurak ez du garrantziarik, erosotasuna lehenesten dut. Horregatik egiten ditut aletak, merkatukoak baino hobeteo egokitzen direlako nire oinetara.

Osasun ikuspegitik, nola kudeatzen duzu 24 orduko proba bat?

Hipotermiak eta halakoak ekiditeko, oso maiz jan eta edan behar da. Ordu erdiro edaten dut ura, eta zerbait jaten dut: zerealak, gelak… Hasierako garaietan, ez nion garrantzia handiegirik ematen horri, eta esperientziak erakutsi dit asko zaindu beharreko alorra dela. Oso garrantzitsua da elikadurarekin eta hidratazioarekin ez despistatzea, ondoezak ekiditeko.

Eta psikologikoki? Aspermena arerio gogorra izango da…

Proba egunean hobeto kudeatzen da. Jendea izaten dut inguruan, piraguistak ondoan dituzu; burua entretenituago egoten da. Entrenamenduetan da gogorragoa alor psikologikoa, bakarrik ibiltzen naizelako.

24 orduz igerian egiteko, burua pentsamendu positiboetara eramaten saiatzen naiz: gustuko dudan pelikula batean pentsatzen dut, lagunekin izandako hizketaldietan, oroitzapen onetan… Hotza edo mina senitutakoan, saiatzen naiz horri garrantzia kentzen eta burua beste nonbaitera bideratzen. Gozatzea ere garrantzitsua da: ingurune naturalarekin, ikusten zoazen parajeekin, lasaitasunarekin etab.

Halako muturreko probetan, arriskurik bada?

Ondo prestatuz gero, gutxi, baina beti gerta daiteke zerbait. Aire zabalean egiten ditut entrenamendu eta proba guztiak, eta naturan beti gerta daitezke ezustekoak. Horrez gain, hipotermiek edo ondoezek baino gehiago kezkatzen naute harri, enbor edo halakoen kontra hartu ditzakedan kolpeek. Horregatik da garrantzitsua aurretik ibilbidea ondo aztertzea eta uretan egon daitezkeen arriskuak identifikatuta izatea.

Kutsu solidarioa dute egiten dituzun zeharkaldiek. Orioko probaren kasuan, erizainen alde egin duzu igerian.

Hori izaten da proba hauen helburua. Beti saiatzen naiz jendeari laguntzen, ahal dudan neurrian behintzat. Pandemia dela-eta, erizainek ikaragarri sufritu dute, eta nire ekarpentxoa egin nahi izan dut.

Aurrera begira ba al duzu beste proiekturik?

Oraingoz ez. Orion egindakoaz gozatzen ari naiz, eta gozamen horren zaporeari eutsi nahi diot pixkatean. Datorren astelehenean lanean hasiko naiz berriro, unibertsitatean ere ari naiz ikasketa batzuk egiten… Eguneroko bizitzan badut nahikoa lan, eta oraingoz behintzat, ez dut beste erronkarik buruan.

Bukatu aurretik, esker oneko hitzak eskaini nahi dizkiet Orioko Udalari eta Orioko Arraunketa Elkarteari, emandako laguntza eta babesagatik. Nire taldeari ere bai, noski: piraguarekin ondoan izan nituen Jesus Remirez eta Paco Gili, eta Yolanda Mintegi nire bikotekideari ere bai. Proban zehar, berak koordinatu zuen den-dena lehorretik, eta ezinbestekoa da bere lana.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!