Anjel Lertxundiri eman diote haur eta gazte literaturako Euskadi Saria

Aitziber Arzallus 2021ko urr. 15a, 09:13

'Haltzaren muinoa' lanarengatik saritu dute idazle oriotarra. Pello Lizarralde idazlearentzat izan da euskarazko narratibaren Euskadi saria, 'Argiantza' nobelarengatik; eta Joxan Elosegirentzat izan da euskarazko itzulpenarena, Irene Sola Saezen 'Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak' lana katalanetik euskarara itzultzeagatik.

Anjel Lertxundi idazle oriotarrari eman diote Eusko Jaurlaritzaren haur eta gazte literaturako aurtengo Euskadi Saria, Haltzaren muinoa lanarengatik, nahiz eta berak esan “10 eta 99 urte bitarteko” irakurleentzat idatzi zuela nobela. Ez da Lertxundik Euskadi Saria jasotzen duen lehen aldia. 1999an, Argizariaren egunak eleberriarekin, euskarazko narratibaren Euskadi Saria irabazi zuen.

Haltzaren muinoa lanak uholdeak eramandako arbola baten gorabeherak kontatzen ditu. Egileak berak esana da “abentura liburu” bat dela, “ezohikoa”. Elkar etxearekin argitaratu zuen lana oriotarrak, Antton Olariagaren ilustrazioekin. Liburuak abenturaren, euskararen eta bizitzaren bizipozak argitzen du.

Ibai baten ondoko muinoan bizi den haltza da nobelako protagonista. Uholdeak muino puska bat eramango du ibaian behera, eta han joango da, lokatz eta guzti, haltza ere, beti amestutako bidaian. “Horrek hasten eta definitzen du ipuina: bidaiatzeko gustua eta ametsa ez da pertsona edo animalia batena, berez geldirik egotea tokatuko litzaiokeen izaki batena baizik”, esan zuen Lertxundik.

Beste saridunak

Beste sailetako irabazleen berri ere jakinarazi dute: Pello Lizarralde idazlearentzat izan da euskarazko narratibaren Euskadi saria, Argiantza nobelarengatik; eta Joxan Elosegirentzat izan da euskarazko itzulpenarena, Irene Sola Saezen Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak lana katalanetik euskarara itzultzeagatik.

Iazko ekainean aurkeztu zuen Argiantza eleberria Lizarraldek. 1980ko hamarkadan girotuta dago, eta bideogintzaren agerpenaren ostean zinemagintzak izaniko beherakadaren hasiera kontatzen du. Sola Saezen Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak eleberriak, berriz, Pirinioetako biztanleen bizimodu latza hainbat ahotsez kontatu du Solak nobelan, gehienak emakumeak. 2020ko Europako Batasuneko Literatur Saria jaso zuen jatorrizko bertsioak. Alberdaniak argitaratu zuen euskarazkoa.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!