Iñaki Navascues: "Arraun surfa, kirol ikuspegitik, etenik gabe hazten ari da"

Aitziber Arzallus 2021ko urr. 15a, 18:00
Iñaki Navascues. (Utzitakoa)

Bihar, larunbata, FederArte Surfing Kultura jaialdia egingo dute Orion, Gipuzkoako Surf Federazioak antolatuta. Egitarau zabala prestatu dute egun guztirako: Stand Up Paddle (SUP) eta surfskate saio inklusiboak, azoka, eta baita Gipuzkoako SUP Txapelketa ere. Azken horren antolakuntzan dabil Iñaki Navascues, eta berak eman dizkio Karkarari biharko txapelketaren inguruko azalpenak.

Lehiari dagokionean, bihar zer egongo da jokoan Orion?

Bihar Orion jokatuko dena Gipuzkoako SUP Txapelketa da. Hiru probak osatzen dute zirkuitua, eta biharkoa da hirugarrena eta azkena; beraz, Orion erabakiko da nor den Gipuzkoako txapelduna. 

Zer mailatan?

Maila guztietan. Alde batetik, Txiki SUP mailan, 14 urtez azpikoak lehiatuko dira: 8, 10, 12 eta 14 urtez azpikoak, hain zuzen. Ibilbiderik motzena horiek egingo dute. Adin horietan parte hartzaileen segurtasuna lehenesten dugu lehiaren gainetik; beraz, geu beraien alboan joaten gara, laguntzen-eta. Izan ere, Txiki SUPen helburua gehiago da kirola sustatzea. Beste alde batetik, 16 eta 18 urtez azpikoen mailak daude. Horiek amateurrekin nahasten ditugu, alegia, proban parte hartu nahi duten baina esperientzia handirik ez dutenekin. Gazteenek baino ibilbide luzeagoa egingo dute, baina Openean parte hartuko dutenek baino motzagoa; bost kilometro ingurukoa. Azkenik, Open edo Pro mailakoak uretaratuko dira, onenak. Hamar bat kilometroko lasterketa egingo dute horiek. 

Zenbat parte hartzaile espero dituzue?

Parte hartzerik handiena gaztetxoetan izaten da; bihar ere 50en bat izango dira Orion. Helduak, berriz, 20-30en bueltan.

Nondik etorriko dira parte hartzaileak?

Euskal Herritik jende asko etorriko da, baina Kantabriatik (Espainia), Galiziatik eta beste hainbat lekutatik ere etorriko da jendea.

Gipuzkoako txapelketan gipuzkoarrek bakarrik parte hartuko dute, ezta?

Txapelketa irekia da eta kanpokoek ere parte har dezakete, baina aurrena gelditzen den gipuzkoarra izango da Gipuzkoako txapelduna. 

Gipuzkoako Surf Federazioak duela bospasei urte bere gain hartu zuen arraun surf modalitatea. Uneotan, zer osasun puntu du kirolak?

Hasieran jende asko erakarri zuen kirolak, ikusgarria delako eta, uretan egiten diren beste kirol batzuen ondoan, praktikatzeko erraztasun gehiago ematen dituelako. Adibidez, olaturik ez badago ez dago surf egiterik; arraun surfa, aldiz, ia edonoiz egin daiteke. Hori abantaila garrantzitsua da txapelketak antolatzeko orduan ere. Lehiaren alderditik egonkortzera egin duela esango nuke; kirol ikuspegitik, berriz, etenik gabe hazten ari dela.

Aipatzekoa da, gainera, azkenaldian arraunlari dezentek, batez ere neskek, jo dutela gugana, lehiaketak-eta nola egiten ditugun galdezka, SUPak arraunarekin antzekotasunak badituelako. Biharko lasterketa errioan izango da eta hor ura bare egon ohi da, baina itsaso zabalean izaten diren lasterketetan garrantsitsua izaten da itsasoa ondo ezagutzea, olatuetan mugitzen jakitea, eta arraunlariak oso onak dira horretan.

Zer esango zenieke bihar erriora hurbildu ala ez zalantzan dabiltzan oriotar horiei?

Etortzeko esango nieke, zer ikusirik izango dutelako, eta gustu badute, probatzeko, horretarako aukera ere egongo baita. 


Arraun surfa probatu nahi dutenek, biharko antolatu dituzten SUP inklusiboko saioetan par har dezakete, aniztasun funtzionala izan ala ez. Beharrezkoa izango dute aurrez izena ematea 648 860 981 (Miren) telefono zenbakira deiuta edo miren_zaba@hotmail.com helbidera idatzita.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!