Larunbatean Donostian egingo duten manifestaziora joateko deia egin du Orioko Sarek

Aitziber Arzallus 2021ko urr. 19a, 12:00
'Ibilian-ibilian', Oriotik Getariara urrian egin zuten ibilaldia.

Ibilian-ibilian, etxerako bidean kanpainari manifestazioarekin emango diote bukaera. Sare Herritarrak uste du etapa berri baten hasiera dela, orain arteko espetxe politika atzean utzi, eta presoek eta iheslariek etxerako bidea egingo duten etaparena, hain zuzen. Hori aldarrikatuko dute larunbatean Donostian, 17:00etan Antiguako tuneletik abiatuta egingo duten manifestazioan. 

Ibilian-Ibilian, etxerako bidean kanpainari amaiera emateko, manifestazio jendetsua egin nahi du Sare Herritarrak. Urriaren 23an izango da hori, Donostian, 17:00etan Antiguako tuneletik abiatuta. Salbuespen legediarekin guztiz amaitzeko ordua dela eta presoak eta iheslariak etxerako bidea egiten hasiak direla aldarrikatuko dute manifestazio horretan. Orioko Sarek hara joateko deia egin die herritarrei. 

Ibilian-ibilian, etxerako bidean kanpainari maiatzaren amaieran ekin zioten. Harrezkero, herriz herri, eskualdez eskualde eta herrialdez herrialde, hamaika ekimen gauzatu dituzte katean. "Etapa berri bati hasiera ematen ari gara, urruntze politika atzean utzi eta euskal preso eta iheslarien etxerako bidea egiteko etapari. Buru belarri ari gara, hasitako bideak etenik izan ez dezan, erdibidean gera ez gaitezen eta, berandu baino lehen, amaieraraino garatu dezagun", adierazi dute ohar bidez.

Bi aldarri nagusi azpimarratu ditu Sare Herritarrak: euskal preso guztien euskalherriratzea eta graduen progresioa. "Hori da datozen hilabeteetan ahalbidetu beharrekoa. Horixe baita euskal presoak etxeratzeko jarraitu beharreko bidea". Eta puntu horretan, bi gauza nabarmendu ditu: batetik, legez, euskal herritarrak diren heinean, zigorra hemengo espetxeetan betetzea dagokiela; eta bestetik, gainontzeko presoei ezartzen zaien legediak dioena kontuan hartzera, zigorraren hiru laurdenak beteak dituztenean baimenak eta baldintzapeko askatasuna eskuratzeko aukera dagokiela. "Finean, urteetan indarrean egon den salbuespeneko espetxe politikarekin amaitzera goazela esaten ari gara. Eta horretarako, orain arte bezala, herritarren bultzada ezinbestekoa da".

Dinamika horren baitan Orion ere lanean jardun dira azken hilabeteetan, eta hainbat ekimen gauzatu dituzte. Horren adibide uztailean egin zuten bizikleta itzulia, pala txapelketa, Urola Kostako martxa ibiltaria, hondartzetako ekimena... "Eta orain, urriaren 23ko mobilizaziora joateko deia egin nahi dizuegu. Etorkizunari ateak zabaltzeko unea iritsi da, probestu dezagun; ibilian-ibilian egin dezagun etxerako, elkarbizitzarako eta bakerako bidea".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!