Urtebetean bigarren liburua aurkeztu du Marisa Arruabarrenak

Aitziber Arzallus 2021ko urr. 23a, 18:43
Sabin Oregi, Ainara Maia, Marisa Arruabarrena eta Joseba Aurkenerena, atzo, Orioko Kultur Etxean. (Aitziber Arzallus)

Arruabarrenak kalean du bere lehen eleberria, Osaba Joxeren sotoko kutxan, eta Orioko Kultur Etxean aurkeztu du, herrikideak aurrean dituela. Duela urtebete, iazko urrian hain zuzen, hantxe aurkeztu zuen bere lehen lana: Ezkutuan dagoena poema bilduma. Bi lanok kalean dituela, aspaldiko ametsa betetzat jotzen duela aitortu du oriotarrak.

Ez du marka makala jarri Marisa Arruabarrena oriotarrak: urtebetean bi liburu. Iazko urrian Ezkutuan dagoena poema bilduma eskuartean zuela igo zen Kultur Etxeko oholtzara, "hirugarren alaba" jendaurrean aurkeztera; eta atzo gauza bera egin zuen Osaba Joxeren sotoko kutxan eleberriarekin, "laugarren alaba" deitu zionarekin. Aurkezpen ekitaldian, alboan izan zituen Sabin Oregi Zarauzko Dakit argitaletxearen arduraduna, eta Joseba Aurkenerena eta Ainara Maia idazle eta lagunak. Parean, berriz, herrikideak. Aretoa bete ez zuten egin, saioaren bukaeran denboratxoa pasatu zuen liburuak sinatzen. 

Osaba Joxeren sotoko kutxan 2039an Orion girotutako eleberria da, eta herria, familia, itsasoa eta denboraren joana ditu ardatz, Arruabarrenak bere bizitzan dituen ardatz berberak. Ez da autobiografia bat, baina badu hortik ere, egilearen gertukoek atzo baieztatu zutenaren arabera. "Eleberriko amonak kontatzen dituen istorioetako asko Marisari berari geratutako bizipenak" direla adierazi zuen Aurkenerenak, eta egileak ez zuen ezezkorik esan. 

Deigarriena da, ordea, Arruabarrenak ez duela liburua orain idatzi. Kontatu zuen unibertsitate garaian hasi zela istorio txikiak idazten, eta gerora, tiraderan gordeta zituen istorio haiek hartu eta "patchwork moduko bat" eginez osatu zuela nobela. "Orain argitara atera bada, kasualitate baten ondorioz izan da. Poema liburua argitaratu nuenean, Karkarako kazetari batek galdetu zidan beste ezer idatzita ba ote neukan, eta hari aitortu nion baietz, nobela bat bukatuta neukala etxean. Sabin Oregik horren berri izan zuenean irakurtzen uzteko esan zidan, eta handik gutxira argitaratzea proposatu zidan". 

Martxa hartuta, etor daitekeenari zabalik dago Arruabarrena, eta ez du baztertzen etorkizunean beste lanen batzuk argitaratzeko aukera. Idatzi, asko idazten duela esan zuen, eta materiala baduela; beraz, nork daki. Dena dela, kalean dituen bi lanekin "aspaldiko ametsa betetzat" jotzen duela ziurtatu zuen oriotarrak.      

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!