Ander Etxegoien: "Taldekideen konfiantza irabaztea da nire lehen helburua"

Aitziber Arzallus 2021ko urr. 27a, 09:38
Ander Etxegoien. (Aitziber Arzallus)

San Pedron lau denboraldi eginda, Orioko traineru nagusiaren patrontza hartuko du Ander Etxegoienek (Getaria, 1987). Arrauna uztekotan zela jaso zuen Salsamendiren deia, "eta horrek dena aldatu zuen".

Nola suertatu zaizu Oriora etortzeko aukera?

Jon Salsamendik deitu zidan irailean, Oriora etorriko nintzatekeen galdetuz.

San Pedron ibili zara azken lau urteotan. Hura utzita etorri al zara Oriora?

Ez. Denboraldiaren bukaeran, Antxon Corman San Pedroko presidenteak, hemeretzi urte eta gero, karguan ez jarraitzea erabaki zuen, eta harekin batera, entrenatzaileak ere taldea utzi zuen. Ni Getariatik San Pedrora haiengatik joan nintzen, eta behin haiek taldea utzita, logikoena nire zikloa ere bukatutzat ematea iruditu zitzaidan. San Pedro utzita, nire asmoa aurten atseden hartzea zen, denboraldia nazkatuta eta nekatuta bukatu nuelako; izan ere, hasiera oso ona egin genuen, baina bukaera oso eskasa. Handik gutxira, ordea, Jon Salsamendiren deia jaso nuen, eta dena birplanteatzera bultzatu ninduen haren proposamenak.

Ustekabean harrapatu al zintuen deiak?

Erabat. Aurrez sekula hitz egin gabeak ginen, eta ez nuen espero haren deirik. Hala ere, aitortu beharra daukat kristoren poza eman zidala, Orioren tamainako klub bat zurekin akordatzea ez baita egunero pasatzen.

Berehala eman zenion baiezkoa?

Nola ba! Erabaki horiek ez dago pentsatu gabe eta etxekoekin hitz egin gabe hartzerik, ez bainaiz ni bakarrik. Salsamendik astebete eman zidan pentsatzeko; buruari buelta batzuk eman nizkion, konturatu nintzen proposamenak asko tentatzen ninduela, eta ikusita bikotekideak ere animatu egin ninduela, baiezkoa eman nion.

Gehiagotan egon al zara arrauna uzteko zorian?

Bai, 2019an San Pedron bigarren denboraldia bukatu nuenean; orduan, semea jaio berria zen, bi ume etxean... eta bestela ere bageneukan nahiko lan. Urte hartan atseden hartzekotan egon nintzen, baina, azkenean, maiatza-ekaina aldera berriz ere harra piztu zitzaidan, eta arraunean jarraitzea erabaki nuen. ­

Orio, Orio da, nahiz eta azken urteetan agian ez den horren fin ibili. Nola ikusten duzu zuk?

Nire ustez ez da zuzena Orio ez dela fin ibili esatea, nik behintzat ez dut horrela ikusten. Oriori asko eskatzen zaio, agian beste edozeini baino gehiago. Dena den, nire ustez aurten kristoren denboraldia egin du Oriok, denboraldi oso ona, eta gainera behetik gora joan dela da inportantea. Ez du banderarik irabazi, ados, agian zorte pixka bat falta izan zaio bandera bat irabazteko, baina kontuan izan behar da etxeko zenbat gazte dauden taldean, horiek zailtzeko denbora behar dela, eta hala ere, estropada on asko egin dituztela. Bigarren postuan behin baino gehiagotan bukatu dute Oriokoek, hor egon dira beti, eta talde handi horien aurrean aurpegia eman dute, badaudelako talde batzuk diru asko daukatenak eta bana-banako arraunlariak fitxatuta dituztenak. Hori dena kontuan hartuta, ez dago esaterik Orio ez dela fin ibili. Gero beste kontua bat da Orion nola bizi duten arrauna, herriaren presioa... Orion kirola baino askoz gehiago da arrauna.

Orioko patroi izateak zer sentimendu eragiten dizkizu?

Oraintxe, erronka berriari heltzeko ilusioz beteta nago, dena emateko gogoarekin. Egia da lehiatzeko unea iristen denean ardura eta erantzukizuna ere sentituko ditudala, sentitu beharrekoak dira gainera, baina oraingoz lasai nago. 

Taldekideak ezagutzeko aukerarik izan al duzu?

Lehengo batean Oriora joan nintzen eta batzuekin egoteko aukera izan nuen, baina oraingoz ez dakit taldea nortzuk osatuko dugun ere. Azaroaren bukaeran hasiko gara entrenatzen, eta ezagutu-ezagutu, orduan ezagutuko ditut traineruko kideak.

Helburuez hitz egin al zenuen Salsamendirekin?

Helburuak, gutxienez, iazko mailari eustea izan behar du, eta ahal bada, koska bat gora egitea. Bandera bat irabaztea ere ez legoke batere gaizki.

Zer eman diezaiokezu Oriori?

Nire abantailetako bat da patroi arina naizela, eta esperientzia ere badaukat, 10 urte nituenetik honetan bainabil. Berez pertsona urduria naiz, baina itsasora ateratzean eroso sentitzen naiz, esperientziak nolabaiteko patxada bat ere eman didalako.  

Eta zer jaso nahi zenuke Oriorengandik?

Garrantzitsuena taldekideek nigan konfiantza izatea da, hori ezinbestekoa baita trainerua ondo joan dadin. Badakit hori irabazi beharreko zerbait dela, eta nire partetik daukadan guztia jartzeko prest nago. Horrez gain, badaukat Salsamendirekin entrenatzen hasteko gogoa, haren metodoak probatzekoa, erreferente bat baita arraunaren munduan.   

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!