Eskola Publikoaren alde azaroaren 6an Bilbon egingo duten manifestaziora joateko autobusa antolatu dute Oriotik

Aitziber Arzallus 2021ko urr. 27a, 11:00

Azaroaren 3an izango da autobuserako izena emateko azken eguna. Hezkuntza publikoaren alde: pribatizazioari ez! lelopean egingo dute mobilizazioa.

Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataformak antolatuta, eta Hezkuntza publikoaren alde: pribatizazioari ez! lelopean, manifestazioa egingo dute Bilbon azaroaren 6an. Hezkuntza publikoa aldarrikatzeko eta babesteko mobilizazioa izango da; "izan ere, Eusko Jaurlaritzak esan du hezkuntza lege berri bat hitzartu eta onartu nahi duela". Zaragueta herri eskolak bat egin du manifestazioarekin eta, eskola komunitatearen atxikimendua erakusteko, argazki jendetsua atera zuten orain egun batzuk. Horrez gain, manifestazioan parte hartzera dei egin die herritarrei.

Urola Kostako herritarrei Bilboko manifestaziora joatea errazteko, eskualdeko herri eskoletako guraso elkarteak autobusak antolatzen ari dira, eta Oriotik joateko aukera ere izango da. Autobusean joan nahi izanez gero, hemen eman daiteke izena. Azaroaren 3a, asteazkena, da izena emateko azken eguna.

Manifestazioa arratsaldean izango da: 17:00etan abiatuko da Jesusen Bihotzetik.

Eskola publikoak "denona eta denontzat, inklusiboa, euskalduna, laikoa, doakoa, aniztasunaren eta hezkidetzaren aldekoa, berdintasunean eta kalitatean oinarritua, unibertsala, eta gizarte kohesioa bermatzen duena" izan behar duela aldarrikatuko dute han bildutakoek.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!