"Zientziak dioenaren eta erabakiak hartzen dituztenen artean zubi lanak behar bezala egitea izango da erronka"

Iñigo Gaiton 2021ko urr. 29a, 15:58

Atlantikoko Atuna Kontserbatzeko Nazioarteko Batzordearen (Iccat) aholku komisio zientifikoaren presidenteorde izango da Haritz Arrizabalaga. Ozeanografian doktorea da, eta Azti zentro teknologikoko ikerlaria. 

Azti zentro teknologikoko bi ikerlari nazioarteko bi aholkularitza komisiotako presidenteorde izango dira aurrerantzean. Haritz Arrizabalaga oriotarra da horietako bat, Aztiko ikertzailea eta ozeanografian doktorea. Hain zuzen ere, Atlantikoko Atuna Kontserbatzeko Nazioarteko Batzordeak (Iccat) duen batzorde zientifikoko presidenteorde kargua izango du hemendik aurrera.

Munduko 52 herrialde dira Iccat-eko partaide. “52 horietako bat Europa da. Ozeano Atlantikoan mundu osoko arrantzaleak ibiltzen dira arrantzan, eta erakundearen ardura da arrantza hori modu jasangarrian egitea, horretarako neurriak hartzea. Batzordeak adostutakoa Europako Batasunak bete behar izaten du gero”, argitu du Arrizabalagak.

Batzorde horrek, komisio zientifikoa izaten du, eta, besteak beste, horiek esandakoetan oinarritzen dira erabakiak hartzerako garaian. Bada, oriotarra komisio horretako presidentordea izango da.

Zientzialarien ahotsa
Arrizabalagaren arabera, hau du izendapen berriak aurrean jarri dion erronka eta motibazio handienetakoa: zientzialarien ondorioak modu argi eta ulerterrazean azaltzea erabakiak hartzen dituzten kudeatzaileei.

Dioenez, zientzialariek asko eztabaidatzen dute gauzak azaltzeko moduaren inguruan. “Kudeatzaileek erantzun azkarrak eta argiak behar izaten dituzte erabakiak hartzeko. Ez da erraza, ordea, gai zientifiko eta espezifikoak modu argian azaltzea. Are zailagoa, zientziak ere bere mugak dituela kontuan izanik. Guk ere zailtasunak izaten ditugu, besteak beste, atunaren egoera zein den zehazterakoan, batez ere horretarako informazio eta baliabide eskasak ditugunean”, eman du jakitera.

Egoera horretan, bere ikuspegitik garrantzitsua da kudeatzaileek «ahalik eta garbien izatea zientziaren ikuspuntutik» itsasoko baliabideen egoera zein den: “Zientziak dioenaren eta erabakiak hartzen dituztenen artean zubi lanak egitea izango da nire lan garrantzitsuenetako bat.Nolabait, itzultzaile lanak egin beharko ditut”.

Presidenteorde izango den komisio zientifikoak lan-talde bana izaten du atun espezie bakoitzeko, eta bera horietako batzuetan aritu da lanean orain arte, modu espezifikoan: ”Orain, ikuspegia zabaldu eta prozesu gehiago jarraitu beharko ditut, espezie desberdinei buruzko informazioarekin lan egiteko”, gaineratu du.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!