Merkatariekin eta ostalariekin lehen bilera egingo dute gaur, Euskara Plana lantzeko

Aritz Mutiozabal 2021ko aza. 2a, 10:00

Salatxo aretoan bilduko dira, 14:30ean, eta lehenengo saio honetan ahulguneei eta indarguneei erreparatuko diete, diagnostiko zehatza ateratze aldera.

Datozen hamar urteetarako Euskara Plana egin nahi du Orioko Udalak, eta gogoeta prozesu bat abiatu du plan horren edukia herritarrekin batera lantzeko. Horretarako, lau lantalde osatu ditu, eta gaur herriko dendari, tabernari eta ostatu jabeen txanda izango da, Salatxo aretoan, 14:30ean.

Gaurkoa merkataritza lantaldearen lehen bilera izango da, eta urtarrilera bitartean lantalde bakoitzarekin gutxienez hiru aldiz elkartzea aurreikusten du udalak. Udalak zuzenean gonbidatu ditu ostalariak eta merkatariak, baina bilera irekiak izango dira, eta gaiarekin interesa duen edozeinek parte hartu dezake.

  • Lehen saioan, ahulguneetan eta indarguneetan jarriko dute arreta, egoeraren diagnostiko ahalik eta zehatzena egiteko.
  • Bigarren saioan, lehen saioan bildutako informazioarekin egindako diagnostikoaren berri emango dute, datozen hamar urteetarako helburuak finkatuko dituzte, eta baita horiek lortzeko ekintzak proposatu ere.
  • Azkenik, hirugarren saioan, lantaldeak egindako lanaren emaitza aurkeztuko dute, fintzeko eta osatzeko. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!