Udala euskara eta kultura arloko eragileekin bilduko da asteartean, Euskara Plana lantzeko

Aitziber Arzallus 2021ko aza. 6a, 11:00

Salatxo aretoan bilduko dira, 18:30ean. Udalak zuzenean gonbidatu ditu herriko kultur elkarteak eta euskara arloko eragileak, baina besteren batek bilerara azaldu nahi badu, zabalik izango ditu ateak, bilera irekia izango baita.

Datozen hamar urteetarako Euskara Plana egin nahi du Orioko Udalak, eta gogoeta prozesu bat abiatu du plan horren edukia herritarrekin batera lantzeko. Lanketa modu ordenatuan egiteko, estrategikotzat jotzen dituen lau alorretan lantalde bana osatu du: kirola, hezkuntza, merkataritza eta sentsibilizazioa. Eta hain zuen ere, asteartekoa izango da sentsibilizazio eta ahalduntze lantaldearen lehen bilera. Bilera horretara herriko kultur elkarteak eta euskara arloko eragileak gonbidatu ditu udalak, baina besteren batek bilerara azaldu nahi badu, zabalik izango ditu ateak, bilera irekia izango baita. Datorren asteartean bilduko da Salatxo aretoan, 18:30ean.   

Urtarrilera bitartean lantalde bakoitzarekin gutxienez hiru aldiz biltzea aurreikusten du udalak. Lehendabiziko saioan, ahulguneetan eta indarguneetan jarriko dute arreta, egoeraren diagnostiko ahalik eta zehatzena egiteko. Bigarren saioan, lehen saioan bildutako informazioarekin egindako diagnostikoaren berri emango dute, datozen hamar urteetarako helburuak finkatuko dituzte, eta baita horiek lortzeko ekintzak proposatu ere. Azkenik, hirugarren saioan, lantaldeak egindako lanaren emaitza aurkeztuko dute, fintzeko eta osatzeko.   

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!