Amaia Urkola: "Esker oneko ekimena izaten da hazi banaketarena"

Onintza Lete Arrieta 2021ko aza. 8a, 08:00
Argazkia: Arnaitz Rubio Aprea

Larunbateko hazi banaketaz aritu da Herrio Natur Taldeko kidea, baita lursail bat lortzeko ematen ari diren urratsez ere, ondoren hura bertako zuhaitz motekin landatzeko eta herritarren gozamenerako uzteko.

Itxaspera edo Pagoeta ingurura joan, bertako zuhaitzen haziak bildu, eta gero horiek banatzen  dituzte Herrio Natur Taldeko kideek urtero plazan: haritzak, pagoak, arteak, gaztainondoak, lizarra, astigarra, gorostia eta elorri zuria nagusiki, "horiek direlako gure inguruan edozein lekutan ager daitezkeen zuhaitzak", azaldu du Amaia Urkola taldekideak.

Edozein tokitan landa daitezke?

Ekimen honen helburua da jendeari ezagutaraztea edonork har ditzakeela haziak eta landatu, eta gomendatzen dugu aurrena loreontzian landatzea, eta bizpahiru urte dituztenean zuhaiztxoa ikusten dutenean, lursailen batean landatzeko aukera baldin badute, bertan landatzea. Inoiz, zuhaitz landaketak antolatu izan ditugu, eta bertara ekarri izan du jendeak, eta bertan egin landaketa.

Hortaz, urte batzuetan etxeko balkoian eduki daiteke zuhaitza.

Bai, kanpoan egotekoak dira, zuhaitzak ere kanpoan egoten direlako, eta loreontzi batean lasai jar daitezke. Plazara ekarri ditugu lauzpabost urte dituzten landare batzuk, jendeak ikus dezan nola hazten diren, eta horiek, adibidez, prest daude lursail batean edo mendian landatzeko.

Gerturatzen diren herritarrek galdera asko egiten al dizkizuete?

Bai. Urte dezente daramatzagu hau eginez, eta jendea oso gustura etortzen da. Umeentzat, adibidez, oso polita izaten da, haurrek askotan ez dutelako irudikatzen gaztaina bat hazia denik, edo ezkurra. Ezagutzen dituzte, baina hortik zuhaitza ateratzea... Helduek ere interes handia erakusten dute; batzuek gerturatzen dira esateko orain bi urte eramandako hazitik landare polita atera zaiela eta ez dakit non landatu dutela... Esker oneko ekimena da.

Eskuorri txikiak dituzue, zuhaitz bakoitzaren azalpenekin, eta orri horietan bilduta banatu dituzue haziak.

Eskuorrian azalpen gutxi batzuk jarri ditugu: zuhaitzaren izen zientifikoa zein den, zenbateko zuhaitza hazten den, nola erein behar den, eta baita landaketa noiz eta nola egin behar den ere.

Honekin lotuta bestelako ekintzarik egiten duzue?

Urtero eskoletatik eskatzen digute haziak emateko, beraiek gaia lantzeko ikastetxean. Bestalde, azken hilabeteetan, Lurgaia fundazioarekin batera herri mailan lursailak aurkitu nahian gabiltza, bertako zuhaitzak landatzeko. Formula desberdinak daude: jaberen bati lursaila erosteko prest gaude, eta saldu nahi ez duenak ere aukera du lur horiek guri utzi eta guk kudeatzeko. Udalarekin elkarlanean, herritarren esku jarri nahi dugu hau. Pandemia garaian argi ikusi da zeinen garrantzitsua den gure ingurua zaintzea; gainera, denoi gustatzen zaigu harizti edo pagadi eder batean sartzea. Gure asmoa da lursailen batean bertako zuhaitzak landatu eta herritar orori zabaltzea, bertan pasiera egin dezaten, haziak bil ditzaten...

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!