Emaitza onak lortu dituzte Orioko korrikalariek Donostiako Nazioarteko Krossean

Iñigo Gaiton 2021ko aza. 9a, 10:30

Martin Iriondok eta Xabat Elortzak lortu zituzten taldeko emaitzarik onenak, bigarren eta hirugarren sailkatuz. Hala, Espainiako Federazioak Galizian antolatu duen kross txapelketarako sailkatzea lortu dute.

Donostiako Nazioarteko Krossa jokatu zen asteburuan, denboraldi berriko lehena, eta Orioko Atletismo Taldeko korrikalariak han izan ziren, parte hartzaileen artean. Azaldu dutenez, alebinetan Julen Durandegik bigarren egin zuen, eta Sara Arregiren lana ere azpimarragarria izan zen.

Infantiletan, Lander Urangak eta Leire Alberdik "bikain" egin zuten haien lasterketa, prestatzaileen hitzetan, eta 16 urtez azpikoetan ondo ibili ziren Lucia Parada eta June Rodriguez.

Martin Iriondok lortu zuen emaitza onena 16 urtez azpikoetan, zilarra eskuratuz, eta Sunahi Huegun eta Anoaur 12. eta 13. sailkatu ziren lasterketa berean. Xabat Elortzak ere domina irabazi zuen 18 urtez azpikoetan, hirugarren sailkatuz. Helduen mailan, Ibai Makazaga lehen euskalduna izan zen sailkapen orokorrean.

Donostian egindako lasterketa bikainen sari modura, Espainiako Federazioak antolatutako kross txapelketan  parte hartzeko txartela lortu dute Martin Iriondok eta Xabat Elortzak. Abenduaren 5ean jokatuko da lasterketa, Ourensen (Galizia, Espainia).



KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!