Bideoa: Errioaren bokalean eta hondartza alderago dragatze-lanetan ari dira

Iñigo Gaiton 2021ko aza. 9a, 13:13

Mantenu-lanak ari dira egiten, ontzien joan-etorrientzako nahikoa sakonera egon dadin. Asteburuan hondartza alderago ere egin zituzten dragatze-lanak, baina Espainiako Kosta Zuzendaritzak KARKARAri adierazi dionez, eman diote horretarako baimena Eusko Jaurlaritzaren Portu Zuzendaritzari.

Azken egunotan, dragatze-lanak egiten ari dira errioaren bokalean, egunez eta gauez. Eusko Jaurlaritzaren Portu Zuzendaritzak agindutako mantentze-lanak dira, eta bokalean nahikoa sakonera izateko helburuarekin ari dira egiten, baporeek eta ontzi txikiek sartu-irtenak modu seguruan egin ditzaten.

Portu Zuzendaritzaren eskumena den eremuan ari dira dragatze-lanetan; hau da, bi eskoilaren artean marra zuzena bota, eta hortik errio alderako eremuan (azpialdeko argazkian ikus daiteke modu argian). Dena den, igande eguerdian, hondartza alderago ere jardun zuten hondarra ateratzen, Espainiako Kosta Zuzendaritzaren eskumena den eremuan. Hori frogatzen zuten bideo eta argazkiak bidali zituzten zenbait herritarrek KARKARAren erredakziora, salaketa modura. Albiste honetan ikus daiteke bideo horietako bat.

KARKARAk Espainiako Kosta Zuzendaritzarekin hitz egiteko aukera izan du, eta azaldu dutenez, haien baimenarekin ari da lanean Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendaritza. Haien hitzetan, Portu Zuzendaritzaren lanak Aztiren neurketetan oinarritzen dira, eta horren arabera erabakitzen dituzte dragatze-lanen nondik norakoak. Baieztatu dutenez, ateratzen duten hondar guztia itsasora botatzen dute berriro, metro batzuk urrunago, hondarrak bere zikloarekin jarraitu dezan.

"Gertuko segimendua" udalak

Udalak duela minutu gutxi plazaratu du gaiari buruzko oharra, "herritar batzuek kezka eta haserrea" azaldu dutelako. Zehaztu dutenez, ez da udalaren eskumena itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoan dragatze-lanak egitea.

Dena den, bat egin dute herritarrekin: "Udalak bat egiten du herritarrek azaldutako kezkarekin, eta dagoeneko harremanetan dago bai Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzarekin eta bai Itsasertzetako Zerbitzu Probintzialarekin, gaia ahalik eta egokien bideratzeko".

Dragatzen-lanen "gertuko segimendua" egingo dutela ere azpimarratu dute.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!