ERREPORTAJEA

Ingurumena erdigunera

Aritz Pardina 2021ko aza. 9a, 15:52

Azken hilabeteotan izandako muturreko fenomenoen harira (Kanadako bero bolada, Espainiako Mar Menorren izandako ur-espezieen sarraskia etab.) areagotu egin da gizakiak ingurumenari eragindako kalteen inguruko kezka. Etxean ere aurki ditzakegu arduratzeko arrazoiak, eta Herrio natur taldeak eman ditu elkarrekintza horren eta etorkizuneko premien gaineko hainbat argibide. Taldeko lau kiderekin bildu da KARKARA, erreportajea osatzeko.

Hemezortzi urte pasatu dira dagoeneko Herrio natur taldea ofizialki sortu zenetik, 2003an, urtebete lehenago lanean hasiak ziren arren. Garai hartan, 2001ean zehazki, Orioko Udalak Motondoko lur eremua erosi zuen arraun pista olinpiko bat eraikitzeko ideiarekin. Talde osoaren izenean Amaia Urkolak, Eneritz Odriozolak, Garbiñe Manterolak eta Arturo Elosegik azaldu dutenez, "proiektu hark eta antzerakoek ingurumenari ekar ziezazkioketen kalteez kezkatuta" hasi ziren elkartzen.

Beren hitzetan, urte hauetan guztietan egin duten lanaren helburua inoiz ez da izan zenbait politikari aurre egite soila, funtsean "kontserbazionista" irizten baitiote euren elkarteari. Hau da, dibulgazioa eta laguntza izan dira betidanik haien xede nagusia: "Garai hartan, ingurumenaren zaintza ez zen udalean gai bezala jorratzen. Hutsune horri konponbidea jartzeaz gain, herrian ingurumenarekiko sentsibilitatea suspertzeko ekimenak sortu nahi genituen. Hala, horretarako ingurumen teknikaririk ez bazegoen ere, ezagutza elkarbanatzeko eta laguntzeko prest zegoen talde bat sortzea erabaki genuen", azaldu dute.

Diotenez, hasieran Herrio errezeloz hartu zuen zenbaitek herrian: batetik, ekologiak garrantzirik ez zuela uste zuelako askok, eta bestetik, orduan ingurumenaren gaineko eztabaida politizatuta eta, are "partidizatuta" zegoelako: "Askotan gogor lan egin behar zen gai honi buruz lasai hitz egiteko. Bazen gure posizioa erasotzat hartzen zuenik ere, eta hori ulertzekoa izan daiteke. Azken batean, planak egiten dituenari ez zaio inork kontra egitea gustatzen. Gainera, aurka azaltze hori alderdi politiko jakin batekin erlazionatzen zen sarritan. Dena dela, guri berdin zitzaigun udalean zein alderdi zegoen. Guk gaiarekiko genuen lotura".

Hastapenetako egoera hura egungoarekin konparatuz gero, badira desberdintasunak. Ingurumenaren zaintzarekiko kontzientzia, oro har, handiagoa dela esan daiteke. Herrioko kideek dioten moduan, "kontserbazio mugimenduak gauza berbera esaten daramatza 40-50 urte. Hasieran erokeria zirudien, baina orain jendea guztiz barneratzen ari da". Jendartearen ikuspegia aldatu bada, hortaz, inguru naturalean eman diren aldaketei eta muturreko fenomeno klimatologikoei esker izan da: "Garai batean kalte horiek urruti ziren, baina gaur egun agerikoak dira. Ikusten da ezinbestekoa dela, nahiz eta ez gustatu, ezkerrekoak edo eskuinekoak izan, ingurumenaren zaintza arautzen duen legedia zorrotz betetzea".

Bidea hasi zutenetik nabaritu dute pentsamendu aldaketa bat. Dena dela, ez dira zeharo baikorrak; azaldu dutenez, ingurumenaren auzia "diskurtsoetan sartu bada ere, ez die ekintzei eragin". Horren adibidetzat jarri dituzte Orion 0 kota (edo azpitik) egin diren garajeak, erriberan altxatutako eraikinak eta epe luzera pentsatzeko "ezgaitasuna" erakusten duten beste hainbat proiektu. Izan ere, epe laburreko erabakiek ingurumena ez ezik gizartea ere kaltetzen dutela azpimarratu dute, bai bizi kalitateari dagokionez, bai ekonomiari dagokionez.

Dikotomia faltsua
Kontzientziazio lanaren barruan, Herriokoentzat funtsezkoa da gizartearen eta naturaren arteko bereizketa ukatzea. Izan ere, ukaezina da pertsonen ongizatea giza alorrean gauzatzen dela uste bada ere, ingurumenaren egoera gure bizi kalitatearekin hertsiki lotua dagoela: "Dikotomia faltsu bat sortzen da naturaren eta gizartearen artean. Adibidez, ibaia kutsatuta zegoenean –1950-1980eko hamarkaden artean–, jendeak uste zuen ordaindu beharreko prezioa zela ondo bizi ahal izateko, baina gaur egun badakigu ibaia garbiagoa badago, gure bizi kalitatea ere hobea dela". Taldearen ustez, gaur egun inork ez luke industriaren garapena edo lanpostuen sorrera ibaiaren garbitasunaren gainetik jarriko, hain zuzen ere, inguru naturalaren egoera jendearen ongizatearekin lotzen ikasi duelako jendarteak.

Horrenbestez, natura zaintzeaz gain, hobetu litekeena mahaigaineratzea ezinbestekotzat dute elkartekoek. Hori, baina, zaila da, "Gipuzkoa okerragokoa zen ingurumen egoera batetik baitator, eta horrek ondo goazen sentsazioa eman baitezake". Ostera, egungo testuingurua ez da hain desiragarria, hirigintzari dagokionez gauza ugari hobe bailitezke. Baina ez hori bakarrik, sarritan ingurumenari erreparatzea gizartea hobetzeko bidea izan ohi baita.

Ildo horretatik, zer pentsatua ematen duen galdera sorta planteatu dute: "Zer egin da herrian energia berriztagarrien arloan? Zein da ur arazketa eta ur edangarriaren metatzearen inguruko egoera? Zenbat eraginkortasun akats daude? Zein da hondakinen kudeaketaren egoera? Nola egiten da? Eta zer hobetu daiteke? Zaratari dagokionez? Ibilgailuen zirkulazioari dagokionez? Ingurumena proiektu handien aurkako mugimendutzat hartua izan da, baina ez da hori. Ingurumena guztia da, eta hobetzeko gauza asko daude".

Aurreko guztiaz gain, itsasoaren ondoan egiten diren obra kopuruak nabarmendu dituzte, zeinak izugarrizko gastua duten. Tamalez, kostaldean egiten diren lanak epe laburrean erabilgarriak badira ere, klima aldaketaren eta itsasoaren igoeraren aurrean goiz zaharkitzeko arriskua dute. Horregatik, Herriokoek azpimarra jartzen dute gizartearen eta ingurumenaren arteko dikotomia ezabatzeko beharrean; izan ere, kontserbazio mugimendua aintzat hartzeak, sarritan inguruko biodibertsitatea eta eremu naturalak mantentzea eta zaintzea dakartza, eta onura ekonomikoak ere ekar ditzake, epe luzerako plangintza egitea ahalbidetzen baitu.

Herritarren indar eraldatzailea
Legeez, udalaz, gobernuez eta enpresez asko hitz egiten da, baina norbanako modura egin al daiteke ingurumenaren aldeko ekarpenik? Herrioko lantaldearen aburuz, bai. Izan ere, "herritar bakoitzak lan asko egin dezake eta, guztiok ados jarriz gero, indar eraldatzaile handia izan dezakegu. Herritar bezala, lan gehiena norberak bere etxean egin dezake. Industrian eta lantokian egin dezakezuna, hori beste kontu bat da".

Ondo birziklatzeaz gain, har daitezkeen jokabideen artean, bi puntu nabarmendu dituzte: batetik, funtsezkoa irizten diote politikariei plazaratazea jendartearen kezkak. "Ingurumenak kezkatzen gaituela azaleratzen badugu, udal eta gobernuen gastua eta esfortzua bide horretatik ere joango da". Bestetik, ingurua ezagutaraztea ere garrantzizkotzat dute: "Espezieak edo gune naturalak behar bezala bistaratzea inportantea da, aparkalekuak edo bestelako proiektuak sortu beharrean, gune horiek errespeta daitezen".

Aurreko argudioak ikusita, eskarian egon daiteke gakoa. Egin beharrekoa ez baita norbere lan soila; aitzitik, "eragiten dizuten beste dimentsioetan eskatzeak ere asko egin dezake". Bestalde, eskariak erosketekin ere erlazio zuzena du, eta, hain zuzen ere, kontsumoa da azkenaldian ingurumen kontuetan bolo-bolo dabilen gaietako bat: hura izan liteke kalte larri eta globalak ekiditeko puntu garrantzitsuenetako bat.

Ingurumenaren ezaugarri bereizgarrienetakoa da arazo lokal eta globalen elkarrekintza, eta horregatik, funtsezkoa da eguneroko bizitzako inertziak aldatzea. Azken batean, pauso itxuraz xumeak kontzientzia orokor batek gidatzen baditu, gauzak eraldatzeko indarra eduki dezakete: "Aldaketa handia behar da epe laburrean. Birziklatzeaz hitz egiten dugu, baina ez dugu hain erraz esaten ez kontsumitu. Hainbeste aldaketa izango dira aurrerantzean, non orain hartuko ditugun erabakiek hurrengo hamarkadetan izugarrizko eragina izango baitute. Hemendik ehun urtera erabaki horiek epaituak izango dira, ingurumenarekiko utziko dugun herentzia ezingo baita eraldatu".

Erabaki pisutsuak
Ingurumenarekiko izugarrizko eragina izan dezakete erosketak egiteko herritarrek erabiltzen dituzten bideek. Produktuak nola saldu enpresen esku dagoela dirudi, eta legedia zorrotzago bat egon ezean, kontsumoaren aldaketa-indarra eskarian aurki daiteke, hots, kontsumitzaileengan. Herrioko kideek dioten moduan, "guztiok biltzeko plastiko edo materialik ez daukan produktuak erosiko bagenitu, enpresak azkar moldatuko lirateke eskari horretara. Guztiok eskari hori egingo bagenu, gaurtik biharrera ez, baina egoera aldatuko litzateke".

Era berean, haragi eta arrain kontsumoa apalduz gero, planta intentsiboen ordez nekazaritza eta abeltzaintza jasangarriago bat sortuko litzateke. Ordea, egungo norabidea aurkakoa da, adibidez, Noviercasen (Gaztela eta Leon, Espainia) 23.500 esne-behi ustiatuko dituen plantaren proiektuak erakusten duen moduan. Natur taldekoek bilakaera honekiko kezka azaldu dute: "Frogatuta dago mendebaldean kontsumitzen dugun haragi kopuruarekin natura hondamendi bat etorriko dela, dieta horrekin jarraituz gero".

Hala eta guztiz ere, elkarteko kideek ez dute zalantzarik: luzaroan mantendu diren ohiturak aldatuko dira, halabeharrez bada ere: "Ezbairik gabe, gure haragi kontsumoa jaitsi egingo da, edo, orokorrean, gure kontsumo modeloa erabat aldatuko da; hala izan beharko du. Gaur egun garatzen ari den animalia produkzioa erabat intentsiboa da bai Espainian, bai Euskal Herrian. Hori gutxi balitz, kontsumitzen dugun haragiaren ehuneko handi bat kanpotik dator. Bestalde, plastikozko bilkinetan etortzen dira jakiak, askotan hori ekiditeko aukerarik gabe. Produktuen jatorriaren inguruko informazioa ere lausoa izan ohi da eta, gainera, sortutako hondakinak ezin dira behar bezala banandu", azaldu dute.

Etorkizunaren norabidea eraldatzeak zaila badirudi ere, hezkuntzaren eta politikaren arteko orekari esker lortuko dela iritz diote. Nabarmendu duten moduan, etxeko eta eskolako heziketaz gain, legedia zorrotz bat ere ezinbestekoa da behar den muturreko aldaketa gertatzeko: "Ezin dugu gizartea hezi zain egon, erabaki drastikoagoak hartu behar dira, gauzak aldatuko badira. Gizartearen osasuna aurretik jarri behar da, eta horretarako daude legeak. Askotan gizarteak gustuko ez dituen neurriak abian jarri behar dira onura orokor baten bila". Diotenez, baina, bitartean funtsezkoa da norberak ahal duen neurrian inguruneari eta kontsumitzen duen moduari erreparatzea.

Orio 2050ean
Hemendik 30 urte ingurura bizimodua nolakoa izango den galdeginda, zalantza azaldu dute Herrioko kideek: "Guztiak du elkarrekintza handia. Ondorioak aurreikustea, gainera, ezinezkoa da batzuetan. Herri mailan hauteman daitekeenarekin alderatuta, mundu globalizatu batean askoz nabariagoak dira ingurumen arazoak. Etorkizuna oso aurreikusgaitza da zentzu askotan". Ordea, aho batez baieztatu dute lanean daramatzaten urteetan ikusitako kontzientzia bilakaera muturrera joango dela: "Bi gauza izango dira zinez erabakigarriak: eskubide sozialak, batetik, eta ingurumena, bestetik".

Etorkizunean, beraz, "ingurumena ez da beste gaietatik bereiziko. Edozein erabaki hartzerako garaian pisu handia izango du. Ez da etxe berri bat eraikiko baldin eta inguruarekiko eragina zero izango dela ikusten ez bada, edo etor litezkeen arazoak nola konpondu aurreikusten ez bada". Edonola ere, atzera bueltarik ez dagoela ere ziurtatu dute: "Klima aldaketa gertatzen ari da eta gertatuko da. Gure esku dagoen bakarra zenbateraino aldatuko den aukeratzea da".

Etorkizuneko bizitza nolakoa den asmatzea zaila bada ere, gizartearen kontsumoa txikiagoa eta jasangarriagoa izango dela ere ez dute zalantzarik egiten: haragi eta arrain gutxiago, garestiagoak, eta ekoizpen sostengagarriago batetik eratorriak. Haien aurreikuspenen artean mugikortasuna ere aipatu dute: "2050ean ez dugu jabetzan autorik izango, ziurrenik alokatu egingo ditugu, eta utilitario deritzonak gailenduko dira".

Iragarpen hauek beteko diren edo ez egiaztatzeko, herritarrek ez dute 2050era arte itxarotea beste erremediorik. Bitartean, legedia zorrozten ez bada ere, norberak pauso txiki baina erabakigarriak egin ditzake ingurumenaren zaintzaren eta bizimodu osasuntsuago baten alde, ezbairik gabe, aldaketa xumeek etorkizuneko norabidea erakuts baitezakete.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!