Inpresionismoari keinu bat, Iosu Garairen fotoen bidez

Iñigo Gaiton 2021ko aza. 10a, 12:50

Kultur etxean ikusgai dago astelehenetik argazkilariaren 'Zaindu' erakusketa. Argazkien bidez, basoak zaintzeak duen garrantziaren inguruko kontzientzia piztu nahi du artistak.

Iosu Garai argazkilariak erakusketa jarri berri du kultur etxeko areto nagusian. 'Zaindu' deitu dio Oriora ekarri duen argazki bildumari, eta banatu duen eskuorrian irakur daitekeenez, helburu argi bat du erakusketak: ikusleari basoen zaintzak duen garrantziaren inguruko kontzientzia piztea.

Garaik "ezkonformista" bezala definitzen du bere burua artista modura. Bere hitzetan, argazkien bidez, keinu bat egin nahi dio inpresionismo piktorikoari: "Arte mota horren ezaugarri hauek ditu: obrak pintzelada azkarrekin eta errealismotik aldentzeko asmoarekin egiten dira; koloreak mihisean nahasten dira zuzenean, ez paletan, eta argia, airea eta atmosfera islatzeko ahalegina egiten da halako lanetan. Figuretan ez da ertz definiturik izaten, urrutitik erreparatuta identifikatzen dira elementuak".

Bere kasuan, margoekin beharrean argazki kamerarekin sortzen ditu obrak. "Inpresionismo horretara jotzeko, kamerarekin mugimenduak egiten ditut argazkiak egiterako momentuan, hori da teknika. Gero, ez dut edizio programa digitalik erabiltzen argazkiak editatzeko".

Obren bidez, kontzientzia pizten saiatzeaz gain, saiatzen da naturak sortzen dizkion sentimenduak transmititzen: "Lasaitasuna, segurtasuna, harmonia, misterioa...".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!