Bizitza errazten duten erabakiak

Aitziber Arzallus 2021ko aza. 17a, 14:00

Macarena Mujika abokatuak Elkarbizitzarako eskubideak eta betebeharrak formakuntza saioa emango du gaur, 17:00etatik 20:00etara, Salatxo aretoan. Orioko Emakumeon Ahalduntze Eskolak antolatu du saioa, A-25 Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira prestatu duen egitarauaren barruan.

Macarena Mujika (Donostia, 1988) abokatua da, eta Garazi Pagolarekin batera —Irule kooperatiba txikia sortu dute biek—, urteak daramatza emakumeei aholkularitza juridikoa ematen Orioko, Azpeitiko eta Hernaniko emakumeen txokoetan eta Donostiako Emakume Bananduen Elkartean. Azken horretan, duela ia sei urte hasi zen boluntario, beste lankide batekin, eta harrezkero 500dik gora emakume artatu dituzte. Askotariko gaien inguruko informazioa eta laguntza ematen diete emakumeei: indarkeria matxista, atzerritartasuna... Baina zalantzarik gehien familia gaien inguruan izaten dituztela esan du, "bikote harreman batean dituzten eskubide eta betebeharrak zeintzuk diren ez jakitearen ondorio". Hain justu, Elkarbizitzarako eskubideak eta betebeharrak formakuntza saioa emango du gaur arratsaldean Orion, Azaroaren 25aren bueltan Orioko Emakumeon Ahalduntze Eskolak prestatutako egitarauaren barruan. Salatxo aretoan izango da saioa, 17:00etatik 20:00etara.    

Helduarora iritsi eta familia bat osatu aurretik denek jakin beharko lituzketen, baina inork gutxik dakizkien gaiak izango dituzte hizpide. "Lehen jendea inertziaz ezkontzen zen, baina gaur egun, geroz eta jende gutxiagok egiten dute aukera hori, eta horrek, gerora, banatzen direnean, ondorio oso gatazkatsuak eragiten ditu, bereziki emakumeentzat".

Mujikaren ustetan, gazteak ez dira ezkontzen, ezkontza zerbait "zaharkitutzat" dutelako. "Eta halaxe da, baina, aldi berean esan beharra dago ezkontzeak badituela onura batzuk, eta baita izatezko bikote egiteak ere". Zeremonietatik eta ospakizunetatik harago, elkarbizitza antolatzeko eta arautzeko tresna horietako bakoitza zer den, bataren eta bestearen arteko aldeak zeintzuk diren, eta etorkizunan zer ondorio izan ditzaketen jakitea ezinbestekotzat jo du. 

Aukerak

Gaur-gaurkoz, horiek biak dira elkarbizitza arautzeko dauden bi erremintak. "Eta horietako inor erabili nahi ez duela oso garbi duten bikoteek beti egin dezake nolabaiteko akordio edo kontratu bat, eta han zehaztu elkarbizitzarako baldintzak eta bikotea banatzeko kasuan gauzak nola geldituko liratekeen". Baina aitortu du hitzarmen bat egiteko aukera hori ia inork ez duela baliatzen.

Abokatuaren hitzetan, "errazena eta emakumeari etorkizunerako berme gehien ematen dizkiona ezkontza da", izatezko bikote egitea baino gehiago. Bi erremintak oso antzekoak direla esan du, baina garrantzitsua dela zertan bereizten diren jakitea; eta alde nabarmenena aipatu du: "Ezkontzak elkarrekin izandako irabaziak erdibana izatea dakar berekin. Alegia, bikote diren bitartean sortu dituzten ondasun guztiak bienak izango direla, herentzian eta oinordetzan jasotakoak izan ezik. Kontrara, izatezko bikote egiteak ezarrita dakarren erregimen ekonomikoa ondasunen banaketarena da. Bi kasuetan, beste erregimena hautatzeko aukera badago, baina propio egin behar da hautu hori".

Ezkontzaren eta izatezko bikote egitearen arteko alde nabarmenena hori izanagatik, beste berezitasun batzuk ere badira. "Adibidez, bikotekideetako bat hiltzen den kasuan, ezkonduta egonez gero, bizirik gelditzen denari zuzenean aitortzen diote alarguntasun pentsioa jasotzeko eskubidea. Izatezko bikoteen kasuan, ostera, pentsio hori jaso ahal izateko baldintza jakin batzuk bete beharko ditu bizirik gelditzen denak; esate baterako, harremanak gutxienez bost urte iraun duela frogatu beharko du, batera bizi izan direla eta abar. Izan ere, berez, ezkonduta dagoen bikote batek etxe berean bizitzeko betebeharra dauka, baina izatezko bikote batek ez. Hori dio kode zibilak, nahiz eta inork gutxik duen horren berri".  

Nahi adina adibide

Hori dena aurrez jakiteak eta hasieratik gauzak behar bezala hitz eginda eta adostuta izateak, banatzen diren bikoteen etorkizuna asko erraztuko lukeela ziurtatu du Mujikak, "batez ere, emakumeena, haiek izaten direlako banaketa prozesuetatik okerren atera ohi direnak. Emakume asko gelditzen dira ezer gabe, benetako larrialdi egoeran; eta guri, zoritxarrez, horrelako kasu asko ikustea tokatzen zaigu".

Dozenaka adibide jar ditzakeela dio. "Adibidez, oso ohikoa izaten da haurrak izan eta emakumeak eszedentzia bat hartzea edo lanaldia murriztea haiek zaindu ahal izateko, eta gizonezkoak lanean jarraitzea. Bikote hori ezkondu gabe dagoen kasuan, emakumea gizonarekiko erabat mendeko bihurtzen da. Izan ere, banatzea erabakitzen badute, gizonak, lanean jarraitu duenez, izango du diru pixka bat aurreratuta; aldiz, haurren zaintza bere gain hartzeko soldatapeko lanari uko egin dion emakumeak, ezer ez".

Haurrak dituzten bikote ezkongabeei ere egin die aipamena. "Kasu horretan, betebehar batzuk badituzte haurrekiko, eta normalean ondasun bateratuak ere izaten dituzte. Demagun gizonak etxebizitza bat daukala eta emakumea hara joaten dela bizitzera, eta han egiten duten obra bat emakumeak ere ordaindu egiten duela. Bikote hori banatzen denean eta emakumeak etxe horretatik alde egin behar duenean, zer gertatzen da emakumeak han jarritako diruarekin? Nola erreklamatu dezake diru hori? Nola berreskuratu? Legearen aurrean ez dira ezer, eta gizonak esan dakioke ez diola dirua itzuliko, baina, berez, emakumeak badauka eskubidea diru hori berreskuratzeko".

Informazio praktikoa eman eta hainbat kasu aztertzeaz gainera, dibortzio prozesu bat nolakoa izaten den azalduko die Salatxon bildutako herritarrei, ikusteko zeintzuk diren prozesu horietan sortzen diren arazo eta gatazka ohikoenak. "Nolakoa den desadostasunezko dibortzio bat, nolakoa den adostasunezko bat, banatze prozesu bat, eta zeintzuk diren hitzarmen erregulatzailean adostu behar diren gauzak eta ezinbestean kontuan izan beharreko puntuak".

Aurrea hartu arazoie

Desadostasunezko dibortzio prozesu bat familiarentzat "oso bortitza" izaten dela adierazi du. "Epaitegira jotzea ez da aukerarik onena, azken aukera baizik, eta, berez, denentzat askoz hobea da bikote barruan gauzak adosteko gai izatea". Eta familientzat ez ezik, abokatuentzat ere "oso prozesu gogorrak" izaten direla baieztatu du. "Gainera, epailearen ebazpenak ez dira izaten ez bataren ez bestearen aldekoak, erdibideko irteera bat aukeratzen du, eta ebazpenarekin inor ez da gustura gelditzen. Horrek esan nahi du, gerora berriz negoziatu eta gauzak adostu beharko dituztela, batez ere haurrak dituztenen kasuan. Haurrak ekonomikoki mendekoak direnez, eskubidea dute 26 urte bete arte mantentze pentsioa jasotzeko, eta momentu horretara arte nolabait lotuta egongo da bikotea, hainbat gauza adostera behartuta, eta harremana gaiztotuta dagoenean oso zaila izaten da".

Arazo eta gatazka horiek guztiak saihesteko bidea aurrez dena lotuta izatea dela jakinda, arduratsu jokatzeko eta gauzak ondo egiteko aholkua eman du Mujikak, "izan ezkontzaren bidez, izatezko bikote eginda edo bestelako kontratu batekin".  

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!