Aste honetako kultur ekitaldiei eustea erabaki du Orioko Udalak

Aitziber Arzallus 2021ko aza. 18a, 10:48

Ekitaldiak Eusko Jaurlaritzak agindutako neurriak beteta gauzatuko dituztela ziurtatu du udalak, eta besteak beste, distantziak gordetzen direla ziurtatzeko, edukierak murriztuko dituzte.

Atzotik indarrean da koronabirusaren bilakaerari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak asteartean onartu zuen agindua. Funtsean dioena da 150etik gorako intzidentzia tasa duten herrietan zorrotz bete beharko dituztela kutsatzeak saihesteko neurriak, eta udalen ardura izango dela hori bermatu ezin den ekitaldiak galaraztea. Horren harira, Orioko Udalak bilera egin zuen atzo, eta egoera aztertu ostean, datozen egunetarako antolatutako ekitaldiei eustea erabaki du. 

Horrenbestez, gaur 18:30ean Danbolin musika eskolako ikasleen Santa Zeziliako kontzertua izango da herriko plazan; eta larunbatean 19:00etan Nogen musika taldearen kontzertua Karela kiroldegian. Ekitaldiok Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak emandako urriaren 6ko aginduan jasotako neurriak beteta gauzatuko dituztela ziurtatu du udalak:

  • Metro eta erdiko distantzia mantentzeko, edukierak murriztuko dituzte.
  • Eskuen higienea bermatuko dute ekitaldien hasiera eta amaieran.
  • Musukoaren erabilera derrigorrezkoa izango da.
  • Ekitaldiak irauten duen bitartean ezingo da ez jan ezta edan ere, ura izan ezik.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!