Mandarinak eta laranjak bilduta, iparraldera

Iñigo Gaiton 2021ko aza. 19a, 13:00
Jose Manuel Gozategi dendaria eta Carlos Troncho nekazaria, lehengo asteartean. (Iñigo Gaiton)

Laranja eta mandarinekin egiten du lan Carlos Troncho nekazariak. Valentziako erkidegoko prezio baxuek bultzatuta, Euskal Herrira igotzen da astero, uzta prezio hobean saltzeko helburuarekin. Lehengo asteartean KARKARArekin egon zen, Orion egindako geldialdian.

Asteartero izaten da Orion Carlos Troncho (Castellon, Herrialde Katalanak, 1978) nekazaria. Igandean eta astelehenean banaka-banaka biltzen ditu laranjak eta mandarinak bere lur sailetako arboletatik, eta hurrengo egunean, goizeko hiruak aldera, iparraldera abiatzen da, Valentziako erkidegoa atzean lagata: "Bildutako uzta kamioian bidaltzen dut gora, Iruñean dudan biltegira, eta ni furgonetarekin igotzen naiz, handik Nafarroako, Errioxako, Gipuzkoako eta Bizkaiko banaketa egiteko".

Bi egunetan 2.700 kilometrotik gora egiten ditu. Goizaldean hasitako lan egunean, arratsaldeko zazpiak aldera ailegatzen da Oriora, eta ez du azken geltokia izaten. Fruta banatzen halako lanak hartu beharraren arrazoia bakarra da: "Valentzia aldean oso-oso gutxi ordaintzen da zitrikoen kiloa. Mandarina kiloa, adibidez, 20 zentimo pagatzen dute korporazio handiek. Nora zoaz prezio horrekin? Hor ez dago ezertarako irabazi tarterik, lotsagarria da".

Nekazariak astero izaten du harremana Euskal Herriko dendariekin, eta hein handi batean, inbidia ematen dio hemengo merkatuak. "Askotan esaten diot Jose Manuel Gozategi dendari oriotarrari, iparraldean gehiago baloratzen da nekazarien lana. Hemengo frutadendetan-eta, bertako produktuei tokia egiten zaie, eta nekazariei ordaintzen zaien dirua ere dezente duinagoa da", azaldu du.

Nazioarteko arazoa

Tronchoren hitzetan, azken urteetan asko estutu da zitrikoekin lan egiten duten nekazarien egoera. "Ameriketako Estatu Batuekin arazo bat egon zen, eta horrek eragin handia izan zuen. Bestalde, duela zortzi urte-edo, gerra bat hasi zen. Europako Batasunak akordio bat egin zuen Hego Afrikarekin, aluminioaren edo halako produktu baten harira, eta abantailak eman zitzaizkien zitrikoen exportaziorako. Niri ez zait gaizki iruditzen beste herrialdeetako nekazariek ere dirua irabaztea, baina denok ez ditugu lanerako baldintza berak. Hemen legedia oso zorrotza da. Gero, inolako inspekziorik pasatu ez duen fruta ekartzen da Tunez edo Morokotik, kexatu da.

Valentziako nekazariek jo izan dute Madrilera, bizi duten egoera salatzera, baina ez dute ezer lortu. "Agintarien aldetik hitz eta asmo onak jaso ditugu, baina ekintzei dagokienez, ez dute ezer egin". 

Etxetik jasotako ofizioa

Tronchok etxetik jasoa du ofizioa. Unibertsitatean enpresa ikasketak egin zituen, eta kontulari modura egin zuen lan enpresa batean, urte luzez. 2008ko krisiarekin, kaleratzeak egon ziren enpresan, eta mugitzea erabaki zuen. "Urte batzuk lehenago aitona eta aita hil ziren, eta nire esku geratu ziren etxeko lursailak. Hasieran ez nuen nekazaritzan buru-belarri sartzeko asmorik, baina krisiak urratsa ematera bultzatu ninduen".

Ez da damutu. "Lan oso gogorra da, baina gustura nabil. Bulego batean itxita egotetik aire zabalean lan egitera pasatu nintzen, eta horrek balio handia du. Gainera, lan orduak-eta nik antola ditzaket, eta horri esker seme-alabekin etxean laguntzeko aukera izaten dut. Niretzat, bi sasoi ditu urteak: negu aldeko sei hilabeteetan, etxean ez naute ia ikusi ere egiten, buru-belarri aritzen naizelako bilketa eta salmenta lanetan. Uda aldeko urte erdian, aldiz, denbora libre asko izaten dut, etxekoekin gozatzeko".

Familiari erreferentzia egin eta gero, aitona nekazaria zen garaiez gogoratu da. "Haiek duin bizi ziren nekazaritzari emanda. Dirua irabazten zuten familia aurrera ateratzeko, kotxea eta etxea lasai ordaintzeko, eta zertxobait aurrezteko. Dirua ematen zuen lurrak. Bizitzeko beste diru irabazten dut nik ere, baina zenbakiak ez dira lehengoak, askoz ere justuago ibiltzen gara".

Fruta naturala

Frutarbolen zainketa prozesuan, ahalik eta modu naturalenean egiten du lan nekazariak, herbizida eta kimikorik gabe. Horregatik, bere laranjak eta mandarinek ez dute "markakoek bezain itxura ona" izaten, baina "naturalagoak" dira.

Jose Manuel Gozategi fruta saltzaile oriotarraren hitzetan, paradoxa dirudien arren, valentziarraren fruta saltzen zailagoa da: "Marka ezagunetara jotzen dute bezeroek, garestiagoak izan arren. Tronchoren frutak zapore bera edo hobea du, eta naturalagoa da. Kolorea du hori edo berdeagoa, eta horregatik, jendeari ez zaio begitik sartzen. Merkeago saldu behar izaten dugu".

Saltzaileak adierazi duenez, "luxua" da bi egun lehenago jasotako fruta dendako apaletan salgai jarri ahal izatea. "Igandean biltzen ditugu laranjak, dendetara iritsi aurretik gehixeago heldu daitezen, eta astelehenean, ero moduan ibiltzen gara mandarinak biltzen. Aleka egiten da bilketa, eskuarekin, hogei kiloko pisua hartzen duen kapazua eskuetan hartuta. Oso gogorra da", eman du azalpena nekazariak.

Etorkizunera  begira jarrita, ziurgabetasunez mintzo da: "Batetik, lan honek egur handia ematen dio gorputzari. Bestetik egungo irabazi-tarte eskasei erreparatuta, zaila da errentagarritasunari eustea. Urtero, gero eta lursail gehiago uzten ditu jendeak ustiatu gabe, negozioek ez dutelako dirurik ematen". 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!