Aimar Galarragak laugarren egin du Harri Handien Gipuzkoako Txapelketan

Aitziber Arzallus 2021ko aza. 21a, 18:49
(Argazkia: Ataria)

Atzo jokatu zuten txapelketa Zizurkilen. Lau harri jasotzaile aritu ziren buruz buru, laurak eskualdekoak: Aimar Galarraga oriotarra, Jokin Eizmendi eta Iñigo Eizagirre zarauztarrak eta Jon Unanue Goenatxo III.a azkoitiarra eta Aimar Galarraga oriotarra. Guztira 5.725 kilo jasota, Eizmendirentzat izan zen txapela. 

Atzo arratsaldean Harri Handien Gipuzkoako Txapelketa jokatu zuten Zizurkilgo Intxaur frontoian. Lau kirolari aritu ziren nor baino nor: Aimar Galarraga oriotarra, Jokin Eizmendi eta Iñigo Eizagirre zarauztarrak eta Jon Unanue Goenatxo III.a azkoitiarra. Hutsune nabarmen bat ere bai: Aimar Irigoienena. Belaunean min hartuta dago errezildarra, eta azken unera arte zalantza izan zen arren, azkenean ez parte hartzea erabaki zuen. Galarragak laugarren lekuan bukatu zuen lehia; txapela, berriz, Jokin Eizmendi zarauztarrak jantzi zuen, lehendabiziko aldiz. Euskal Herriko txapelketa hirutan irabazitakoa da, baina Gipuzkoakorik irabazi gabea zen atzora arte.

Lau eratako harriak altxatu behar izan zituzten kirolariek, bi minutuko txandetan: 200 kiloko laukizuzena, 175 kiloko zilindrikoa, 150 kiloko kubikoa eta 125 kiloko bola. Denera 5.725 kilo jasota, Eizmendirentzat izan zen garaipena, alde handiz gainera. Bigarren posturako lehia estuagoa izan zen, Eizagirre eta Goenatxo III.a oso parean ibili baitziren. Azkenean, ordean, zarauztarrak bukatu zuen bigarren lekuan, 4.225 kilo jasota; eta azkoitiarrak hirugarrenean, 4.150 kilo jasota. Galarragak laugarren egin zuen, guztira 3.725 kilo jasota.    

Egindako lanarekin gustura zen Eizmendi jaialdiaren bukaeran. "Pixka bat urduri jarri naiz, baina etxean egindako lana egin dugu, eta gustura nago horregatik. Pena izan da Irigoienek ezin izan duela azaldu, baina txapelketa polita izan da".

Gipuzkoako txapelketa bukatuta, Euskal Herrikoa prestatzeari ekin beharko diote harri jasotzaileek, abenduaren 18an jokatuko baitute, Asteasun.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!