Modernizazio eta berrikuntza teknikari bat aldi baterako kontratatzeko deialdia egin du Orioko Udalak

Karkara 2021ko aza. 25a, 13:00

Langilearen funtzioak izango dira, besteak beste, administrazio elektronikoa bideratzea, espedienteak elektronikoki kudeatzea etab. Hautaketa prozesua Lanbideren bidez egingo dute, eta abenduaren 7ra arte egongo da zabalik izena emateko epea.

Orioko Udalak hautaketa-prozesua abiatu du Lanbideren bidez, aldi baterako modernizazio eta berrikuntza teknikari bat kontratatzeko helburuarekin. Udalak azaldu duenez, behar ugari dituzte modernizazio eta berrikuntza arloan: administrazio elektronikoa bideratzea, espedienteak elektronikoki kudeatzea, elkarreragingarritasuna ezartzea, tramiteak eta prozedurak normalizatzea...

Erronka horiei aurre egiteko, Udalak erabaki du aldi baterako programa bat martxan jartzea urtebeteko aldirako (programaren iraupena hiru urtera arte luza daiteke).

Haien hautagaitza aurkeztu nahi dutenek, abenduaren 7ra arte izango dute horretarako aukera. Lanbiden izen emateaz gain, Lanbideko curriculumean agertzen diren merezimenduak egiaztatzeko dokumentazioa eta nortasun-agiria aurkeztu beharko dituzte izangaiek Orioko Udaleko erregistroan. Balorazioa egiteko, ez da Lanbideko curriculumean agertzen ez den merezimendurik izango kontuan.

Hemen klik eginda deskargatu daiteke Orioko Udalak deialdia egiteko plazaratu duen dokumentu ofiziala.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!