"Nire proiektua aurkezteko une egokia dela sentitu dut orain"

Iñigo Gaiton 2021ko aza. 26a, 11:32

‘Ilundu aurretik’ izenburupean, bost abestiko bilduma plazaratu du Intza Unanuek, bere ibilbideko lehen diskoa. Otsail aldera emango du aurreneko kontzertua. 

Aspalditik zabiltza musika munduan murgilduta, baina oraintxe argitaratu berri duzu zure lehen diskoa. Zergatik orain? 
Umetatik izan dut nire abestiak kantatzeko ametsa, beti buruan izan dudan zerbait da. Lehen urratsak 2018an eman nituen, nire lehen kantuak sortutakoan. Abesti horiek atera zitzaizkidanean, publikatzen hasteko irrika sartu zitzaidan, baina presa horrekin inora ez nindoala ikusi nuen. Pixka bat geratu eta kantuak hobeto lantzen eta sortzen jarraitu nuen hurrengo urteetan, publikatzeko moduko zerbait dudala sentitu dudan arte. 

Ilundu aurretik ateratzeko urratsa ematerako garaian, zalantzarik izan al duzu?
Bai, batez ere kantuen kalitatearen inguruan. Musikari askok bezala, nire kabuz ikasi dut kantu bat sortzen, eta ez nuen konposizio fase horren inguruko besteen erreferentziarik. Ukelelearekin oinarrizko akordeak jotzen ikasi eta gero, etxean sortu nuen lehen abestia, eta harritu egin nintzen, ez nekien nola eta nondik atera nuen ere. Baten bati kopiatutakoa-edo ote zen galdetzen nion nire buruari. Sentsazioa arraroa izan zen. Puntu horretan, galdera asko sortu zitzaizkidan nire baitan. Abestia txukuna al da? Edo oso txarra? Galdera horiekin borrokan ibili nintzen. 

Hamar urte pasatu dira Benito Lertxundiren bandan sartu zinenetik, eta ordutik, kontzertu askotan abestu duzu haiekin, koruak eginez. Orain, eszenatokiaren albo batetik, erdira pasatuko zara.  
Benitorekin jende askoren aurrean kantatzen dugu, eta kopuru batetik gora, publikoa masa bat bihurtzen da. Ez dakizu 400 edo 1.000 pertsona dauden begira. Nire kontzertuetan, berriz, jende gutxiago egongo da, eta horrek beldur pixka bat ematen dit, publikoari aurrez aurre begiratu beharko diodalako. Horrez gain, aipatu duzun modura, orain nire aurpegia eta izena jarri dizkiot proiektuari, eta erantzukizun handiagoa izango dut zuzenekoetan, hitz egitea eta abar tokatuko zaidalako. Hala ere, musikarien bandak presentzia handia izango du, eta horrek ere lasaitu egiten nau, babesa ematen dit. 

Horri helduta, diskoaren kantuetan taldearen presentzia handia da. Sortze prozesua ere elkarbanatzen duzu musikariekin? Edo zuk esandakoa jotzera mugatzen dira?
Kantuen oinarrizko egiturak eta hitzak nik sortzen ditut. Gero, entsegu lokalean, musikari bakoitza libre izaten da ekarpenak eta moldaketak egiteko. Taldeko kide bakoitzak proiektua eta abestiak bere sentitzen dituela pentsatzea gustatzen zait. 

Artista batzuekin, argi ikusten da proiektua abeslariarena bakarrik dela, eta musikariak beren lana egitera bakarrik mugatzen direla. Gure kasuan, musikariekin batera talde bat osatzen dudala pentsatu nahi nuke, banda bat. Eszenatokian inpresio hori ematea gustatuko litzaidake. 

Zer moduzkoa izan da estudioko lehen esperientzia?  
Aurretiazko lan handia eginda joan ginen Gaztain Estudioetara, eta ia dena lotuta eraman genuen. Oso ona izan da Eñaut Gaztañagarekin izan dugun esperientzia. Jakin du bere tokian ondo egoten, gurekiko distantzia mantentzen, baina, aldi berean, beharrezkoak ikusi dituen ekarpenak egiten. 

Abestiak bakarka, ukelelearekin sortzen dituzu etxean, baina diskoan produzkio handiagoarekin entzuten dira, instrumentu eta soinu aniztasun handiagoarekin. Lortu duzu, nolabait, buruan zenuena diskoan islatzea?
2018an Karan abestia plazaratu nuen, ukelelearekin eta ahotsarekin bakarrik grabatuta, modu oso akustikoan. Atera eta gero, zalantzak sortu zizkidan abestiaren estiloak; ez nintzen oso identifikatuta sentitzen ukeleleari hain presentzia handia emanda. Abestia nirea sentitzen nuen, baina ez nintzen idenfitikatua sentitzen. 

Orain, bost abesti hauek entzundakoan, sentitzen dut musikalki nirea den bide bat bilatu dudala, momentu honetan definitzen nauen soinu bat, hein handian musikarien lanari esker. 

Zure musika aurkezteko abesti bat aukeratu beharko bazenu, zein izango litzateke?
Diskoko lehen kantua, Azaroan. Abestia oso irekia da, espazio handia hartzen du. Kantu horren estiloak ondo definitzen nau, baina doinu biziago edo makarragoekin ere eroso sentitzen naiz. 

Lehen kantu bilduma eskuartean izanda, oholtzara igotzeko amorratzen egongo zara. 
Aurreneko kontzertua otsail aldera ematea da gure asmoa. Orion jotzea gustatuko litzaiguke, gaztetxean. Lehen kontzertua herritik kanpo ematea hobea dela esaten dute batzuek, baina nik nahiago dut herrian bertan hasi. Gertuko jendea izango dut inguruan, eta badakit kritika konstruktiboak egingo dizkidatela.

Umetako ametsa bete duzu zure proiektua sortuta. Aurrera begira, amets gehiago ba al ditu Intzak?
Bai noski, halakorik ez da falta izaten... kar kar kar! Nire fantasiak koaderno batean idazteko ohitura dut aspalditik. Han daude idatzita, besteak beste, egunen batean Kursaalen abestea eta Orkestra Sinforikoarekin kolaborazio bat egitea...

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!